Talde-dinamikak

Txinga-probetan jolasean

  • Adina. 8 urtetik aurrera. Txingen pisua jokalarien adin eta ezaugarrietara egokitu behar da. Horrela, txikiekin txinga arinak erabiliko dira eta nagusiagoekin pisu gehiagokoak, beti ere txinga astunegiak erabili gabe.
  • Lekua. Edonon.
  • Beharrezko materiala. Txingen ordez xaboi kaxak edo pintura-poteak erabil daitezke. Horiek, hondarraz, uraz edo zerrautsaz bete daitezke. Erabiliko den ‘txingaren’ heldulekuak egokiak izan behar dira eskuetan minik ez hartzeko. Jolastokia markatzeko klera ere beharko da.
  • Antolakuntza. Banaka jolastuko gara. Txanda bakoitzean bi kidek hartuko dute parte.
  • Jolasaren azalpena:
    • Joko-eremu bat marraztuko dugu, 14 metroko luzera duena.
    • Joko-eremuan bi parte-hartzaile eta epaile bat kokatuko dira.
    • Dena prestaturik dagoenean epaileak ‘prest’ esan eta jokalariak irteerako marran jarriko dira txingak eskuetan dituztela. Txistu hotsa entzutean jokalariak oinez hasiko dira txingak eskuetan eramanez.
    • Joko-eremua azkarren betetzen duen parte-hartzailea izango da garailea.
  • Arauak:
    • Txinga-probetan oinez ibiltzen dira eta guk ere jokoan ez dugu korrikarik egingo.
    • Ezin da beste partaideei oztoporik jarri ezta bultzadarik eman ere.
    • Joko-eremuko amaierara iristean partaideak hasierako lerroa oin batez, gutxienez, zapaldu behar du.
    • Partaideak jokoan zehar geldi daitezke baina ezin dituzte txingak askatu.
    • Proba amaiera iristear dagoela, ezin dira txingak urrutitik helmugara bota.

Sokatiran jolasean

  • Adina. 8 urtetik aurrera.
  • Lekua. Edonon.
  • Beharrezko materiala. Soka luzea, zapia eta klera.
  • Antolakuntza. Zortziko taldetan antolatuko gara eta beste batek epaile lanak beteko ditu.
  • Jolasaren azalpena:
    • Sokaren erdian zapia lotuko dugu.
    • Lurrean metro bateko tartea izango duten 3 lerro margotuko ditugu.
    • Ondoren, joko-eremuan bi taldeak eta epailea kokatuko dira.
    • Talde bakoitzak aurkako taldea sokari tira eginez erakartzea izango du helburu.
    • Batak bestearen aurka bi tiraldi jokatuko ditu eta biak irabazten dituen taldea izango da garaile.
    • Tiraldia irabazteko talde batek erdiko painelua beretik gertuen duen marka pasatzea eskuratu behar du.
  • Teknika:
    • Soka heltzeko, eskuineko eskua sabeletik gertu jartzen da eta ezkerrekoa horren aurrean.
    • Hanka bat bestea baino aurrerago kokatzen da.
  • Arauak:
    • Lurra ezin da oinak ez diren edozein gorputz atalekin ukitu.
    • Ezin da lurrean etzan eta tiratzaile guztiek batera tirako dute.
    • Sokari era klasikoan eutsiko zaio, ezin da beste edozein eratan eutsi.

Lokotx-biltzean jolasean

  • Adina. 8 urtetik aurrera, hala ere, adin guztietako haurrak jolasteko jokoa da hau. Parte-hartzaileen adin eta ezaugarrietara egokitu behar da jolasa.
  • Lekua. Edonon.
  • Beharrezko materiala. Artaburuari artoa kendu eta gelditzen den lokotxa erabiliko dugu. Makiltxoak, pelota txiki batzuk, sagarrak... erabili daitezke era berean. Hauek biltzeko otarrak behar ditugu, baina kaxak, zakuak ere erabili daitezke.
  • Antolakuntza. Banaka jolastuko dugu. Txanda bakoitzean lau kidek hartuko dute parte.
  • Jolasaren azalpena:
    • Joko-eremuan parte-hartzaile bakoitzeko otarra bat eta 10 lokotx jarriko dira lerroan.
    • Denak prestaturik daudenean ‘prest’ esan eta jokalariak irteeran jarriko dira. Ondoren, txistu hotsa entzutean jokalariak lokotxak biltzen hasiko dira ahalik eta denbora laburrenean.
    • 10 lokotxak saskian azkarren sartzen dituen parte-hartzaileak irabaziko du jolasa.
  • Teknika. Jokalariak ahalik eta azkarren ibili behar dira eta mugimendu arinak egitea komeni da. Lokotxa saskiratzeko orduan, kontu handiz ibili beharko gara kanporaketarik egon ez dadin.
  • Arauak:
    • Lokotxak banan-banan sartuko dira otarrean.
    • Ezin da beste partaideei oztoporik jarri ezta bultzarik egin ere ez.
    • Lokotxak saskian utzi egin behar dira, ezin dira urrunetik bota.

Segan jolasean

  • Adina. 8 urtetik aurrera.
  • Lekua. Edonon.
  • Beharrezko materiala. Egurrezko sega, makiltxo edo kono bat eta koloretako klera.
  • Antolakuntza. Taldeak bi kidez osatuak egongo dira: bitako batek egurrezko sega hartuko du eta beste batek epaile lanak beteko ditu. Joko-eremuan klerarekin ibilbide bat marraztuko dute.
  • Jolasaren azalpena:
    • Talde bakoitzak egurrezko sega bat prestatuko du. Horretarako makil baten puntan egur zati horizontalki lotuko da, segaren labanaren itsura har dezan.
    • Talde bakoitzak ibilbide bat marraztu duenean, taldeko kide batek sega hartu eta makiltxoa edo konoa ibilbidearen barrena eramaten saiatuko da, marraren gainetik, ahalik eta mugimendu gutxienetan eta denbora jakin batean. Beste ikaskideak epaile papera hartuko du eta denbora neurtzeaz eta arauak betearazteaz arduratuko da.
    • Proba amaitutakoan paperak aldatuko dituzte taldekideek: segalaria epailea izango da eta alderantziz.
  • Arauak:
    • Makiltxoa edo konoak beti marra ukitzen joan beharko du.
    • Makiltxoa marra gainetik irtenez gero, bi pausu atzeratuko da.
    • Irabazlea, ibilbidea azkarren burutzen duen kidea izango da.

Pilotan jolasten

  • Adina. 8 urtetik aurrera.
  • Lekua. Horma bat dagoen lekuan.
  • Beharrezko materiala. Gomazko edo larruzko pilota bat.
  • Antolakuntza. Talde bakoitza bikote batez osatua egongo da. Partidua bi bikoteen artekoa izango da.
  • Jolasaren azalpena:
Horma
Aurrealdea A
Atzealdea B

 

    • Jokalekua marra batez erdibitua egongo da; aurre eta atze aldeak bereizirik: a/b
    • Partidua hiru tantotara jokatuko da.
    • Bikote bakoitzak aurrelari bat eta atzelari bat dauka: bikoteko jokalari bat aurrean arituko da (A), eta bestea atzean (B).
    • Jokalari bakoitzak, bere zonako pilotei bakarrik jo diezaioke.
    • Ezingo dute talde bereko bi jokalarik jarraian jo pilotari, hau da, pilota taldekide batek jo badu ezingo dio bere taldekideak jarraian jo.
  • Arauak:
    • Lehen sakea erabakitzeko, alde bat urdina eta bestea gorria dituen metalezko txanpon bat botatzen da airera. Lurrera erori eta aldearen kolorearen arabera izango da sakea.
    • Sakea tantoa lortu duen bikoteak aterako du.
    • Galtzen duen bikotea kaleratua izango da.
    • Ateratzen den bikotearen ordez beste bikote bat sartuko da.
    • Bikote batek ezingo ditu jarraian hiru partidu baino gehiago jokatu.

Brilet

  • Adina. 8 urtetik aurrera.
  • Lekua. Edonon baina leku zabala izatea komeni da.
  • Beharrezko materiala. Baloi bat eta klera.
  • Antolakuntza. Bi talde osatuko dira.
Kartzela B Taldea A Talde B Kartzela A
  • Jolasaren azalpena:
    • Jolastokia lau eremutan banatuko dugu, erdiko bi eremutan taldeak kokatuko dira eta bazterreko biak “kartzelak” izango dira.
    • Erdiko marra ezin delarik pasa beste taldeko kideak baloiaz jotzen saiatuko gara “hil” eta kartzelara joan daitezen (talde bakoitzak b).
    • Kartzelan dauden kideek baloia hartuz gero, kontrako taldeari jaurtiki diezaiokete eta hauek ere, beste kartzelara bidali.
    • Baloiak botea emanez jotzen bagaitu ez da ezer pasako, boterik gabe jotzen bagaituzte “hil” eta kartzelara joan beharko dugu. Botea eman gabe baloia eskuekin hartuz gero ere, ez da ezer pasatzen.Talde bateko kide guztiak “hiltzen” direnean jolasa bukatu egiten da eta beste taldea da garaile.
  • Arauak:
    • Baloia gomazkoa izan behar da.
    • Ezin da marrarik zapaldu, kartzelara joateko ez bada.
    • Baloia eskuetan jasotzen duen kideak bota beharko du kontrako taldeari (ezingo du beti berdinak baloia jaurtiki).
    • Ezin da bultza edota kontrakoei trabarik egin.
    • Talde bateko kideak ezingo dio zuzenean bere taldeko kartzela kideei baloia zuzenean pasa.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License