Jatorria

Historian zehar zibilizazio askok izan dituzte pilota-jokoak, nahikoak baitira jolasteko esku pare bat eta errebotatzen duen objektu biribil bat. Euskal Herrian ez ezik munduko hainbat lekutan ere aurkitzen ditugu pilota oinarritzat duten jokoak, hala nola, irlandar pilota (Irlanda), valentziar pilota (Valentziako Erkidegoa) edota jeu de paume (Frantzia).

Grezia eta Erromako zibilizazioek pilota-jokoaren testigantza asko utzi dizkigute, pilota garaiko joko mota ezagunenetarikoa baitzen dudarik gabe. Erromatarrek pila deituriko jokoa eraman zuten gaur egun Frantziak hartzen duen lurraldera. Mendeak joan, mendeak etorri, joko haren garatze-prozesuaren ondorioz, jeu de paume delakoa (esku-ahurraren jokoa) sortu zen Frantzian.

Joko hura zelaietan eta herrietako plazetan egiten zuten eta esku-ahurra zen erabiltzen zuten erreminta bakarra, nahiz eta pixkana pilota jotzeko hainbat lanabes sortzen eta erabiltzen hasi ziren. Horrela, frantziar burgesak eta nobleak eskularruak eta erraketak erabiltzen hasi ziren jokoan aritzeko.

Pilotaren iraultza garaia XIX. mendea izan zen, pilotak egiteko kautxua erabiltzen hasi zirenean. Material harri esker, pilotak bizitasuna hartu zuen eta, horrela, horma baten kontra jotzean errebotatuta ateratzen zen. Garai hartakoak dira pilota oinarritzat daukaten beste kirol ezagun batzuk ere, hala nola, tenisa, futbola edota errugbia.

Euskal Herrian, pilota erabiltzen duten beste jokoetatik aldendu zen pilota-jokoa eta izaera propioa garatu zuen. Esku-pilota, pilotaren jokorik oinarrizkoena, mantendu zen eta beste modalitate batzuk sortzen joan ziren. XIX. mendearen azken hamarkadan, material eta instalazio berriak sortzeaz gain modalitate berriek ere indarra hartu zuten, hala nola, esku-pilota, pala edota zesta-punta.

Chiquito de Eibar pilotaria 1880ean (Ojanguren, Indalecio).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/3640

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License