Gaur egun eratorritako kirola

XIX. mende erdialdetik euskal pilota herri giroko jokoa izatetik ikuskizun izatera pasa zen eta herritar asko pilotalekuetara joaten hasi zen apustuak egitera.

Gaur egun, euskal pilotak federazioak, enpresak, eskolak eta, zenbait modalitateetan, ekintza profesionalak ditu. Euskal pilota instituzionalizatzeko lehen pausu garrantzitsua 1929an gertatu zen, Jean Ibarnegarayren (Uharte Garazi, 1883 – Paris, 1956) ekimenez Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioa sortu baitzuten Buenos Airesen (Argentina).

II. Mundu Gerra eta Espainiako Gerra Zibilaren eraginez, jarduera eskasa izan zuen euskal pilotak 1945. urtera arte. Garai ilun horiek igarotakoan, federazioa pilota arautzen hasi zen: espezialitate ofizialak finkatu, jokoak eta jokalekuak arautu, eta materiala bateratu. Zeregin garrantzitsuenetariko bat Munduko Txapelketak antolatzea izan zen.

Euskal pilota nazioartean XX. mendean eman zen ezagutzera, batez ere, euskal emigratzaileei esker. 1882an, Euskal Herritik kanpoko lehen frontoia sortu zuten, Buenos Airesko Euskara Plaza hain zuzen. Euskal pilotariak gure mugetatik kanpo jokatzen hasi ziren. Horrez gain, ehun frontoitik gora eraiki zituzten hogei bat herrialdetan.

Munduko Zesta-punta Txapelketa (Orreaga Aranburu).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/1004419

Pilotalekuak

Hainbat motako pilotalekutan jokatu izan da euskal pilota, baina lehiaketa ofizialerako hiru eremu daude araututa: plaza irekiko frontoia, ezker paretadun frontoia eta trinketa.

Pilotalekuek, orokorrean, ezker paretan bi marra dituzte, labur (edo motz) eta luze (edo pasa) izenekoak. Sakea ona izan dadin pilotak bi marra horien artean egin behar du botea. Ezker pareta gainera marra zenbakidunez beterik egoten da, frontisetik erreboterainoko distantzia adierazteko: horiek koadroak dira. Koadroaren zenbakia zenbat eta handiagoa izan, frontisetik urrunago egongo da eta errebotetik hurbilago.

Piloten kolorea pilotalekuaren paretetako kolorearen araberakoa izaten da, kirolariak pilota hobeto ikus dezan. Horrela, paretetako kolorea iluna bada, pilota argia izango da eta, hormek kolore argia badute berriz, pilota ilunagoa erabili beharko da.

Plaza irekiko frontoia

Plaza irekiko frontoiak joko-eremu sinpleenak dira. Frontis bakarra duten lekuak dira eta pilotariaren aurrean horma bakarra dago. Ezaugarri hori duten frontoiak 1875. urte aldera arte erabili zituzten modu ofizialean. Ipar Euskal Herrian oraindik ere ohikoak dira.

Ezker paretadun frontoia

Mota honetako pilotalekuetan frontis bat eta ezker pareta bat daude. Frontoiaren dimentsioak desberdinak izaten dira: frontoi luzea (54 metro) eta laburra (36 metro).

Erronkariko pilotalekua (Ardo Beltz).
http://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Roncal_fronton.jpg

Trinketa

Trinketak ezker paretadun frontoitik desberdin egiten duen ezaugarri batzuk ditu: esaterako, pilotariaren eskuinaldean pareta bat du. Gainera, ezker paretaren eta erreboteko hormaren behealdean korridore bana dago, ikusleak bertan kokatzeko. Bi pasilloak teilatutxo batek estaltzen ditu.

Antxitonea trinketa (Gorka Valencia).
http://www.flickr.com/photos/mrgroka/5343353671

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License