Jatorria eta gaur egun eratorritako kirola
Palanka-jaurtiketaren jatorria meatzaritzan aurkitzen dugu. Harrobietako lan-tresna zen palanka, meatzariek harrietan dinamitazko kartutxoak sartzeko zuloak egiteko erabiltzen zuten. Palanka erabiliz kolpeka zulatzen zuten harria langileek hemendik dator baita harri-zulatzaileen herri-kirola. Burdinazko barra horiek ahalik eta urrunen jaurtitzea zen langileen denbora-pasa ohikoena. Poliki-poliki beraien arteko norgehiagoka eta lehiak sortzen joan ziren eta lanbidea kirol bilakatu zen.
Hasieran apustuak herrietako soroetan egiten ziren eta palanken pisua ez zegoen arautua, nahiz eta palankari guztientzat berdina izan, noski. Palanka-jaurtiketa bateratzea eta arautegi bat sortzea oso zaila izan zen Euskal Herrian, baina 1930. urtetik araudi ofizial bat dago.
Historian zehar kirol horren inguruko hainbat erreferentzi aurki ditzakegu. Gaspar Melchor de Jovellanos idazleak palanka-jaurtiketa interes handiko kirola zela zioen. XVI. mendean Cristobal Mendezek kirol hori praktikatzea gomendatzen zuen. Azkenik, Miguel de Cervantes idazle ospetsuak ere bere idatzietan palankarien aipamen txiki bat egiten du.
XVIII. mendean Euskal Herri osoan praktikatzen zen kirol hau eta oso ezaguna bihurtu zen lurralde guztietan. Bere praktika XIX. mendean zehar gutxituz joan zen, XX. mendeko bigarren herenean -meatzaritzaren mekanizazioaren ondorioz- bere praktika desagertu zen arte.
XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasierako kirolarien artean, Felix Erauskin bizkaitarrra, Gazteluko Baltasar Esnaola eta Berastegiko Gabino Lizarza aipatu behar dira.
http://www.guregipuzkoa.net/photo/1015541
Felix Erauskin (1907-1987), jaurtiketetan espezializaturiko atleta zen eta palanka jaurtitzeko erabiltzen zen teknika erabiliz xabalina jaurtitzea bururatu zitzaion 1956. urtean. Erauskinek lortutako emaitza ikaragarria izan zen eta Espainiako xabalina-jaurtiketa errekorra erraz gainditu zuen. Teknika horrek “Erauskin estiloa” izena hartu zuen eta ondorengo kirolariek estilo hori erabiliz xabalina-jaurtiketan izugarrizko markak eskuratu zituzten. Hala ere, IAAF-ek (International Association of Athletics Federations) araudia aldatu zuen jaurtiketa era hori arriskutsua zelako. Ondorioz, errekor haiek ez ziren homologatuak izan.
Atletismoko jaurtiketa-espezialitateek palanka-jaurtiketa albo batera utziz joan ziren. Gaur egun, ia guztiz desagerturik dagoen kirola da eta noizbehinka antolatzen diren erakustaldi eta txapelketei esker dirau bizirik.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License