Gaur egun eratorritako kirola

Hasierako norgehiagokak auzokide edo baserritarren artekoak izaten ziren, baina baita harrobietako langileen arteko indar neurketak ere.

Dokumentatua dagoen lehen aipamenetako bat 1886an Debako Itziar auzoan jaiotako Victor Zabala “Arteondo” harri-jasotzailearena da. Arteondo baserrian jaiotako kirolari itziartarra izan zen harriak plazara eraman eta harri-jasotzea kirol moduan aurkeztu zuen lehen gizona. Arteondo hasi zen gaur egun ezagutzen ditugun neurri eta arauak normalizatzen, hala nola, altxa beharreko harrien neurri eta pisuak erregulatzen. Normalizazioarekin errazago gertatzen zen markak ezartzea eta beste atleta batzuekin alderatzea. Beraz, esan daiteke, Arteondok aurreko harri irregularrak baztertu eta gaur ezagutzen ditugunen bolumen eta neurriak finkatu zituela: esferikoa, kubikoa, laukizuzena eta zilindrikoa.

Egun ezagutzen ditugun harri-jasotze probek, zerikusi gutxi dute orain urte asko ospatzen ziren apustu eta desafioekin. Gaur egun, apustu, txapelketa eta erakustaldi ezberdinak antolatzen dira Euskal Herri guztian zehar: denbora jakin batean ea nork burutzen dituen jasoaldi gehien, esku bakarrarekin ea nork altxatzen duen harria edo ea nork jasotzen duen harri astunena altxaldi bakar batean.

Gainontzeko herri-kiroletan bezala, apustu edo desafioko lehiaketek lekua utzi die ofizialki antolatutako txapelketei. Horrela, Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzak bere txapelketa jokatzen du. Ipar Euskal Herriari dagokionez Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko harri-jasotzaileak Iparraldeko txapelketan lehiatzen dira. Txapelketez gain, oraindik ugariak dira marka berriak ezartzeko harri-jasotzaileek beren kontura egin ohi dituzten apustu eta desafioak.

Historian izan diren harri-jasotzaile ezagunen artean Arteondo eta bere aurkari nagusia Pedro Mari Txurruka ”Aritza” aipatu behar dira. Ondoren etorriko ziren beste harri-jasotzaile batzuk, hala nola, Ondartza, Huegun, Errekartetxo, Usategieta, Usuola, Ziaran-zahar, Urtain, eta abar.

Berriagoak dira Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegi, harri-jasotzen sekula izan diren bi gizonik onenak; edota, marka berriak lortzen saiatu diren José Antonio Gisasola “Zelai” eta Juan José Unanue “Goenatxo”; errekor berriak eta ikusgarriak bata bestearen atzetik lortu dituzte horiek denek.

Euskal Herriak izan dituen bi handienei buruz zer esan? Iñaki Perurena izan zen lehena 300 kiloko harria jasotzen, eta esku bakarrarekin 267 kilokoa bizkarreratu zuen. Bi eskuekin, 320 kilotan du marka. Mieltxo Saralegiren kirol ibilbidea ere ez da nolanahikoa. 12 urterekin, 80 kiloko harria jaso zuen; urtebete beranduago, 100 kilokoa. Hortik aurrera, urtez urte, gora egin zuen. 329 kilotan du errekorra. Oraindainoko markarik onena berea da.

Iñaki Perurena harri esferikoa jasotzen (manuel.cacheiro).
http://www.flickr.com/photos/mcfaacfrp/4929782094

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License