Jatorria eta gaur egun eratorritako kirola

Ontzi-eramatearen jatorriaren inguruan ez dago dokumentazio askorik, baina badira hainbat teoria eta hipotesi horren inguruan. Baserri giroan esne-ontziak eraman eta ekartzeko lanak edota tren geltokietan maletak alde batetik bestera eramateko lanak izan daitezke ontzi-eramatearen jatorria. Horrela, salgaiak (maletak eta paketeak) edota esne-tupinak garraiatzeko erronketatik etor liteke herri-kirol hori.

Esne-tupinak Iribaseko etxe batean, Larraunen (Mikel Garikoitz Estornés Zubizarreta, 1976).
http://www.euskomedia.org/galeria/A_28986

Ontzi-eramateak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria, zaku-eramateak, lasto-botatzeak, lasto-jasotzeak, orga-jokoak eta ingude-altxatzeak bezala. Iparraldeko joko gisa ezagutzen dira sei herri-kirol horiek. Diziplina horiek aspalditik egiten ziren Iparraldean baina erabat ezezagunak ziren Hegoaldean. 1970eko hamarkadaren bukaeran Mutriku Sokatira Taldekoek Gipuzkoara eta Bizkaira eraman zituzten lehen aldiz eta, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, jada, Euskal Herri osoan zabaldurik zeuden herri-kirol horiek.

1987tik urtero antolatzen den Zazpi Herrialdeetako Txapelketa izeneko lehiaketaren barnean egiten dira ontzi-eramate probak. Hala ere, Iparraldeko diziplina guztietan gertatzen den moduan, ez dago belaunaldi gazteek erreleboa hartuko duten inolako zantzurik.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License