Arauak

Arau zehatzak

Idi-probetan aritzen direnek, era honetan egin beharko diete tira harriei:

  • Probalekuen luzera aldatu egiten da. Distantzia desberdin asko daude, 22 metrotik 28 metrora bitartekoak. Plaza gehienak uharriz estalita daude.
  • Denbora jakin batean ahalik eta plaza gehien egitea da probaren helburua, idi-pareaz baliatuz.
  • Lehiakide bakoitzari ematen zaion denbora, oro har, 30 minutukoa izaten da.
  • Denbora tartea edozein izanik ere, tarte hori amaitutakoan idiek egindako distantzia neurtzen dute epaileek. Distantzia hori plaza, zinta eta zentimetrotan ematen dute.
  • Parte hartzen duen idi-kopuruaren arabera, probak uztarri bakarrean egin daitezke, harria idi bakarrak arrastatzen badu, edo bikoteka.
  • Akuilariek gogokoen dituzten akuiluak erabiliko dituzte, baina eztena ezin izango da 11 milimetro baino handiagoa izan.
  • Matxurak akuilariek konponduko dituzte.
  • Animalien jardunean gertatzen diren matxura kasuetan, bi lagun beharko dira matxura konpontzeko.

Arau orokorrak

  • Probak, horretarako prestatutako probalekuetan egingo dira.
  • Eraman beharreko harriek zulo bat izango dute aurreko aldean, katea pasatzeko eta ziria jartzeko.
  • Probalariek plaza edo iltzea egin dutela ulertuko dugu, harriaren aurreko aldeak irteera gunearen beste aldean dagoen marka edo lerroa zapaltzen duenean.
  • Harria ezingo da probalekuko alboetako marketatik atera.
  • Harriaren alde bertikaletako bat alboetako marretatik aterako balitz, “ustela” izango litzateke. Hori gertatzen denean, probalariek atzera egin beharko dute, harria bere osotasunean atera den gunetik baino atzerago egon arte.
  • Proba bukaera epaileak neurtuko du, harriaren aurreko aldean urrutien dagoen zatia kontuan hartuz.
  • Proba bukatutakoan, epailea “ustela” adierazten ari bada, marka leku horri dagokiola ulertuko da, harria dagoen lekua kontutan hartu gabe.
  • Proba guztietan plazako epaileak hartuko du parte. Plazako epailea federazioko kide izango da.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License