Gaur egun eratorritako kiro
Mendiak desagertu eta belazeak zabaltzen zihoazen moduan, belar-mozketa baserritarren eguneroko lan bihurtzen joan zen eta, beste herri-kirolekin gertatu den bezala, baserritarraren eguneroko lana pixkanaka kirol bihurtu zen; bi baserritar, egun eta ordu berean, elkarren ondoan belar-mozteari ekiten zioten eta elkarren arteko norgehiagoka hasten zen, ea nork moztuko denbora gutxienean belar gehiago. Pixkanaka jende gehiago hurbildu eta apustuak egiten hasiko ziren, baten edo bestearen alde. Ez zen denbora asko igaroko herri-kirol berri bat sortzeko, hau da, sega-apustua. Handik aurrera arauak finkatuz joan ziren.
Lehen sega-apostuen berri bertsolarien eskutik iritsi zaizkigu, Pello Errota bertsolariak 1880. urtean eginiko bertso batzuei esker.
Sega-apustuak orokorrean udazken hasieran egiten dira, orduan belarrak altuera handiena hartu duelako. Gainera, segalaria ongi entrenatuta iristen da probara, ordurako baserrian belar asko moztu baitu.
Hasieran sega-apostuak egiteko leku nagusiak hauek izaten ziren: Ernioko mendi-magaleko Iturriozko belazeak, Aia, Asteasu, Zizurkil, Tolosa, Azpeitia eta Zestoa, besteak beste. Azken urteotan, berriz, Txindokiko mendi-magaleko Larraizko soroetan ospatu izan dira txapelketa garrantzitsuenak.
Segalariei dagokienez Maiotz, Aburuza, Tapia, Polipaso, Irastorza, Irazusta eta Erasun izan dira kirol honetako segalari ezagunenetarikoak. Duela zenbait urte izen handia hartu dutenak, berriz, Irazusta eta Elizegi izan dira; baina aipatzeko modukoak dira besteak hauek ere: Bixente Mitxelena, Mikel Aranalde, Jon Lapazaran eta Txapartegi.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License