Arauak
Artzain-txakur lehiaketen araudia txapelketa edota erakustaldiaren araberakoa izaten da. Hala ere, orokorrean, honako arau hauek bete behar dituzte lehiakideek:
- Zelaian artzain, txakur, ardiak eta artegiak egongo dira soilik.
- Lehiaketaren oinarria, artzainak aginduak emanaz txakurrak artaldea gidatu eta antolatzea da.
- Egin beharreko ariketak era askotakoak izaten dira: obedientzia ariketak edota artaldea artegian sartu eta hasierako tokira bueltatzea.
- Artzainak aginduak ematen dizkio txakurrari txistu eta makilarekin mugimenduak eginaz.
- Epaile batzuez osaturiko epaimahaia egongo da txakurren lanak puntuatzeko.
- Ariketak puntuatzeko kontuan hartzen dena:
- Ariketa egiteko azkartasuna.
- Artzainaren aginduak betetzeko txakurraren leialtasun eta obedientzia.
- Ariketa guztiak ardiei koska eta zaunka egin gabe burutzea.
- Ariketa guztietan lortzen dituzten puntuak batu eta puntu gehien lortzen duen txakurra izango da irabazlea.
Euskal artzain-txakurra
Euskal artzain-txakurra, Euskal Herriko txakur-arraza bat da. Euskal artzainek erabiltzen zituzten batez ere artaldeak gidatzeko baina baita behi, zaldi eta ahuntz taldeak gidatzeko ere. Baserriak eta artaldeak zaintzeko ere erabili ohi dira.
Txakur horietan oinarriturik hasi ziren artzain-txakurren lehiaketak ospatzen. Azken urteetan, arrazaren kontserbazio- eta hautaketa-lanetan hasi dira.
Euskal artzain-txakurren bi aldaera daude:
- Gorbeiakoa: kolore gorrikoa da eta Iletsua aldaerakoa baino ile motzagoa du. 17 eta 33 kilo arteko pisua izaten du. Txakur leiala da eta betidanik erabili izan da artaldeak zaintzeko eta gidatzeko.
- Iletsua: kolore horixka eta ile asko du, ileak hankak ere estaltzen dizkio. 17 eta 33 kilo arteko pisua izaten du. Belarriak beti erorita dauzka. Aldaera honetako txakurra ere leiala da eta betidanik artaldeak zaintzeko eta gidatzeko erabili izan da.
Euskal artzain-txakur iletsua (Dirk Klaus).
http://eu.wikipedia.org/wiki/Fitxategi:Pastor_vasco_m_14months_loby_3018.jpg
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License