Arauak
- Ekitaldia minutu eta erdikoa izango da (90 segundo), gizonen zein emakumeen txapelketetan. Berdinketa egongo balitz, lehenengo aritu dena izango litzateke irabazlea.
- Altxaldia baliozkotzat jotzeko, ingudeak bai oinarria, bai goiko xafla jo beharko ditu. Altxaldia ontzat goiko xafla jo ondoren emango da.
- Kirolariaren eskuak garbi egon beharko dute, bestelako produkturik gabe.
- Kirolariak laguntzaile bat erabili ahal izango du. Horrek ezin izango du epailearen lana trabatu, kirolaria ukitu, ezta materiala ere, ekitaldiak iraun artean.
- Ingudea edo egitura bera hautsiko balira, beste bat ekarri beharko litzateke. Ekitaldia berriz ere hasiko litzateke atsedenaldi baten ondoren, epaileak ongi irizten dionean.
Ingudearen eta lanabesen ezaugarriak
- Lehiaketetarako ingudeak 18 kilo izan beharko ditu. Puntatik oinarrira 320 milimetroko altuera izango du (20 milimetro gorabehera), eta 600 milimetroko luzera (20 milimetro gorabehera). Heldulekuak lauak izango dira, 40 milimetroko diametrokoak (2 milimetro gorabehera). Gutxieneko luzera, 160 milimetrokoa izango da. Emakumezkoen lehiaketetan, ingudeak 10 kiloko pisua izango du.
- Ingudea jotzeko oinarria, goiko txaparen paralelo jarri beharko da eta gutxienez 500 milimetroko luzera, 200 milimetroko zabalera (20 milimetro gorabehera) eta 200 milimetroko altuera (20 milimetro gorabehera) izan beharko du. Oinarriaren goiko aldea txapazkoa izango da.
- Goiko xafla, bisera deitua, gutxienez 500 milimetroko luzera eta 400 milimetroko zabalera (100 milimetro gorabehera) duen txapa laukizuzena izango da. Horren eta kirolariaren buruaren arteko distantzia 30 zentimetrotakoa izango da.
- Kirolariak plataformari heltzeko norbait beharko balu, epailearen agindupean arituko litzateke.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License