Jatorria
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, harri-zulatzaileen lanbidea nahiko ohikoa zen harrobi eta meategietan. Garai bateko harri-zulatzaileek altzairuzko barrena edo laztabin luzeak eta pisutxuak (10 kilotik gorakoak batzuetan) erabiltzen zituzten lanerako. Haiekin bi metrotik gora sakonerako zuloak egiten zituzten askotan, ondoren dinamita-kartutxoak bertan sartu eta eztanda egin zezaten. Ogibide gogorra eta zaila zen, langileek hamar kilotik gorako laztabina eskuetan hartuta eman behar izaten baitzuten egun osoa. Horregatik gizon haiek oso preziatuak izan ohi ziren eta edozein beharginek baino soldata altuagoa jasotzen zuten; haien lana oso espezializatua zen eta “lehen mailako langileak” ziren.
Bizkaiko meatzeen zonaldean (Ortuella, Gallarta, Galdames, Trapagaran eta Muskiz) burdina erauzten zuten eta Euskal Herriko beste zonalde batzuetan, Gipuzkoa eta Bizkaia artean batez ere (Markina, Deba, Itziar, Eibar, Mendaro eta Elgoibar), kareharria. Inguru horietan egiten zituzten erronka eta apustuak herrietako eta auzoetako plazetara eraman ziren pixkanaka. Denbora gutxiren buruan harri-zulaketa festetako ikuskizunen artean ospetsu egin zen.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License