Arauak
- Normalean enborrak pago-enborrak izaten dira (ez bada aurrez esaten bestelako zuhaitz-enborrak erabiliko direla), eta jokalekura azal eta guzti ekarriko dira.
- Enborrak garbi egongo dira apusturako inongo koska, pitzadura eta akatsik gabe eta azala kendua izango dute.
- Enborrek berriak izan beharko dute, berdeak.
- Enborrak Federazioari aurkezten zaizkio proba egin baino 24 ordu lehenago. Enborra ez bada onartzen 6 orduko epea dago ordezkatzeko.
- Ontza izeneko neurria erabiltzen da enborraren perimetroa adierazteko. Gehien erabiltzen den neurria oinbetekoa da (36 ontza), baina apustuetan 80 ontzakoak, kanakoak (108 ontzakoak) eta 110 ontzako enborrak ere erabiltzen dira. Kana-erdikoak (54 ontzakoak), 60 ontzakoak eta oinbikoak (72 ontzakoak) erabiltzen dira txapelketetarako
Izena | Zirkunferentzia (ontzatan) |
Zirkunferentzia (metrotan) |
Diametroa (cm) |
Oinbetekoa | 36 | 0,835 | 26,6 |
45 | 1,043 | 32,2 | |
Kana-erdikoa | 54 | 1,252 | 39,8 |
60 | 1,391 | 44,3 | |
Oinbikoa | 72 | 1,669 | 53,1 |
80 | 1,855 | 59,0 | |
Kanakoa | 108 | 2,504 | 79,7 |
110 | 2,550 |
- Egurra ohi bezala ekarri beharko da plazara. Enborrok ipurdian marka ezabaezin bat izango dute.
- Luzera enborraren lodiera eta joko motaren araberakoa da:
- Bi ebaki (lehiakideek enbor bera ebaki behar dute, batak alde batetik eta besteak bestetik): 0,80 metro (36 ontza) eta 1,20 metro (80 ontza) bitartekoak izaten dira.
- Ebaki bat (ohikoena, aizkolariak erditik ebakitzen du enborra) : 0,50 metro (36 ontza) eta 0,80 metro (80 ontza) izaten dira.
- Enborrak langeten (egurrezko xaflak) gainetan jartzen dira.
- Ebaki bikotan, hiru langeten gainean.
- Ebaki bakarrekoan, bi langeten gainean
- Aizkolariek erabiltzen dituzten aizkorak orokorrean 2,4 eta 2,8 kilo artekoak izaten dira (aizkolariaren ezaugarrien arabera). Aizkorek kirtena pagozkoa eta ahoa makurra izaten dute enborraren irteera errazteko.
- Aizkolariak aizkora bat baino gehiago erabiltzen du proba guztian zehar.
- Azken urteetan aizkora australiarra erabiltzen da, Euskal Herrian erabiltzen zirenak baino arinagoak eta zorrotzagoak direlako. 1976ko urtarrilaren 18an Anoetan jokatu zen Australiako hiru aizkolariren eta Astidia, Arria II. eta Arria III.aren arteko desafioan argi gelditu zen aizkora australiarra hobea zela, australiarrek aise irabazi zutelako. Horregatik, ordutik aurrera aizkora australiarra erabiltzen da probetan.
- Aizkolariak bi laguntzaile izaten ditu alboan probetan, erakuslea eta botileroa. Lehenak, aizkorakadak non eman esaten dio, kolpeen erritmoa zehaztu eta egur ezpalak baztertzen dizkio. Bigarrenak aldiz, edaria eta eskuoihalak eman eta aizkorak aldatzen dizkio aizkolariari. Honez gainera, botileroak denbora neurtu eta beste aizkolariak nola doazen jakinarazten dio.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License