Jatorria
Traineruen arteko lasterketak Euskal Herriko itsasertzeko bizimodu tradizionaletik sortzen dira. Euskal Herrian arrantzak garrantzi handia izan du beti eta horixe izan da, hain zuzen, estropaden jatorria. Garai batean itsasgizon indartsu eta sendoak irteten ziren itsasora, arrantza egin eta gero garaiz portuetara arrainez betetako itsasontziak ekartzeko. Harrapatutako arraina portuan saltzeko zeinek lehenago ekarri lehian aritzen ziren arrantzaleak.
Arrantzaz gain, traineru-estropadek beste aurrekari bat ere izan zuten: itsas portu handietan, Bilbon eta Pasaian, adibidez, belaontzi handiak porturatzeko traineruak erabiltzen ziren, eta hor ere norgehiagokak sortzen ziren, lehenago iristen zenak diru saria eskuratzen baitzuen.
Arrantzan edota belaontziak porturatzen zebiltzan itsasgizon horien arteko erronkek eta desafioek sortu zituzten aurreneko estropadak.
Lehiaketen lehen aipamen idatzia 1719ko uztailaren 22koa da: Izaroko uhartea jokoan zela, Bermeoko eta Mundakako bi ontziren arteko estropada egin zen. Bermeoko arraunlariak garaile atera ziren nahiz eta gizon bat galdu. Gipuzkoan jasota dagoen bi traineruren arteko erronkaren lehen aipamena, aldiz, 1871. urtekoa da, Hondarribiaren eta Pasaiaren arteko apustua alegia. Ibili beharreko distantzia Hondarribia eta Donostia artean dagoen itsas bidea izan zen eta azkenik, pasaitarrek irabazi zuten.
XIX. mendearen bukaeran Euskal Herrian mito bilakatu den lehia ospatu zen, Luis Carrilen estropada izenez ezaguna dena. 1888. urteko azaroaren 25ean, ondarrutarrek Pasai San Pedrori estropada bat irabazi eta Donostiako tripulaziorik onenari erronka bota zioten. Estropada Lekeitiotik Donostiara izan zen (hamar milia). Donostiako tripulazioak Luis Carril zuen ontzi-buru eta garaian ikusmin handia piztu zuen desafioa izan zen. Donostiarrak izan ziren garaile.
XIX. mendearen bukaeran Donostia Europako eta munduko hiri turistiko bilakatzen da eta 1879. urtean aurreneko Kontxako estropada antolatu zuten. Aurrerantzean ia urtero antolatu zen Kontxako bandera eta arraunketa-munduko erreferente bihurtu zen.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License