Jatorria
Euskal Herriko nekazaritzan aizkora ezinbesteko lan-tresna zen. Aizkora erabiliz mozten ziren gure baso eta mendietako zuhaitzak. Horietatik ateratako egurra etxerako, egur-ikatza lortzeko edo untzigintzarako erabiltzen zen.
Denboran atzera egin behar dugu aizkoraren jatorria aurkitzeko, Erdi Arora arte zehazki. Garai horretan, Euskal Herrian ontzigintzak eta burdinolek garrantzia handia zuten eta egur eta ikatz kantitate handiak behar zituzten. Hori zela eta, aizkolari eta ikazkin ugari zebiltzan mendi eta basoetan enborrak mozten eta txondorrak egiten. Lanean aritzen ziren gizonak enborra nork lehenago moztu apustuak egiten hasi ziren. Hasieran mendi eta basoetan egiten ziren lehia horiek poliki-poliki herrira jaitsi ziren.
Aizkora-probak ezagunak izaten hasi ziren denborarekin eta XIX. mendean Lore jokoak, herrietan antolatzen ziren joko eta txapelketen egitarauaren barruan hasi ziren sartzen. Aizkoraren inguruko idatzizko lehen erreferentzia 1802ko ekainaren 7koa da: Hernaniko plazan, Ramon Elizalde Ezkurrakoa eta Astigarragako Hernandorenaren arteko apustua jokatu zen.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License