Jatorria

Lasto-jasotzearen jatorria, lasto-botatzearen antzera, nekazaritza-lanetan aurki dezakegu. Baserritarrek belarra moztu ondoren fardotan biltzen zuten, gero pilatu eta negurako gordetzeko. Fardoa soka eta polea erabiliz baserriko sabaira edo ganbarara igotzen zuten. Lan hura burutzeko indarra eta trebetasuna beharrezkoak ziren. Beste herri-kiroletan bezala, baserriko lana poliki-poliki gizonen arteko norgehiagoka bihurtuz joango zen, kirola bilakatu arte.

Lasto-jasotzeak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria , zaku-eramateak, lasto-botatzeak, orga-jokoak, ontzi eramateak eta ingude-altxatzeak bezala. Iparraldeko joko gisa ezagutzen dira sei herri-kirol horiek. Diziplina horiek aspalditik egiten ziren Iparraldean baina erabat ezezagunak ziren Hegoaldean. 1970eko hamarkadaren bukaeran Mutriku Sokatira Taldekoek Gipuzkoara eta Bizkaira eraman zituzten lehen aldiz eta, 1980 eta 1990. hamarkadetan, jada, Euskal Herri osoan zabaldurik zeuden herri-kirol haiek.

Baserritarrak belar-lanetan Urnietan.
http://www.guregipuzkoa.net/photo/1097446

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License