Gaur egun eratorritako kirola

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran idiek harri handiak, 2.500 kilotik gorakoak, arrastaka mugitzea zen ohikoena. Gutxi balitz bezala, askotan, harri haiei zakuak jartzen zizkieten gainean. Ondorioz, idiek ezin izaten zituzten hiru edo lau plaza edo iltze baino gehiago egin. Probak ezin gogorragoak ziren, eta akuilariek –idiak akuiluaz zirikatzen dituzten laguntzaileak– ez zuten beti idiarekiko errukirik izaten. Animaliek jasotzen zuten tratu txarragatik hedabideek idien proba eta ikuskizun haiek ez zituzten begi onez ikusten.

Gaur egun idiei ematen zaien tratua aldatu da: animalien osasun eta ongizaterako araudi berria onartu zen, animalia-probetan abereek tratu txarrik jasan ez zezaten. Araudi horretan, besteak beste, probetan nahitaez albaitari ofizial bat egon beharra ezarri zuten. Albaitari horren eginkizuna Animaliak Babesteko Legea betetzen dela bermatzea da, eta lehia hasi aurreko orduetan animaliak zaintzea eta akuilariek idiei ematen dieten tratua kontrolatzea da nahia.

Idi-proba Hondarribiako Alamedan (Marcos Sodupe).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/1116099

Idi-parea

Idi-pare on bat bilatzea ez da samurra izaten, abelburu bakoitzak bere ezaugarrien arabera, uztarriaren eskuineko edo ezkerreko aldean jartzeko izaten baitira eta ez da lan erraza ondo datorren parea osatzea. Idia ohituta goldea edo gurdia mugitzeaz, bizi-baldintza gogorrekin arrastatzeko dohainak erakusten zituen eta arreta berezia jasotzen zuen baserritarraren aldetik; idiaren elikadura eta osasuna kontu handiz zaintzen zuten.

Garai batean idiak babaz, taloz, azukrez, zahiaz eta ardoz edo patxaranaz elikatu ohi zituzten proba hasi baino lehen izerditan has zitezen. Denborarekin elikadura hura aldatu egin zen. Zalantzarik gabe, egungo idiak antzinakoak baino askoz ere indartsuagoak eta osasuntsuagoak dira, batik bat, idiekin egiten zituzten iruzurrak (botiken bidez, adibidez) gaur egun kontrolatuagoak eta arautuagoak daudelako.

Idi-pare osasuntsuaz eta ondo datorrenaz gain, herri-kirol horretan erabili eta ezagutu beharreko materiala eta terminologia honakoa da:

  • Uztarria: idiaren prestaketa lanean garrantzi handiko elementua da uztarria. Garai batean intxaurrondoaren egurrez egiten bazen ere, gaur egun pago-egurra erabiltzea da ohikoena. Uztarri egokia idi-parea ondo lotuta eta parean geratzen dena da, eta bide batez idien bultzada berdintzeko balio du. Izan ere, ia beti bi idietatik bat bestea baino indartsuagoa, kementsuago edo sutsuagoa izaten da.
  • Ferrak: metalezko arku-moduko txikia da eta idiei apoen babesgarri ezartzen zaizkie. Ferrak probalekuaren ezaugarrietara eta baldintza klimatikoetara egokitu behar dira, idiak probalekuan irrist egin ez dezan.
  • Probarria edo demarria: probarria kareharrizkoa da, forma laukizuzenekoa, aurreko aldean zertxobait estuagoa. Demarriaren pisua oso aldakorra da: 1.500-4.000 kilo bitartean ibiltzen da. Antzinako desafioetan oso harri handiak erabiltzen ziren. Egun, harri txikiagoak erabiltzen dira jendeak plaza gehiago egitea nahiago izaten duelako; harria distantzia luzeagoz eramatea, alegia.
  • Plaza edo iltze: probarako plazak laua izan behar du. Marruskadura txikiagoa izan dadin plazako zorua errekarriz egiten da. Plazaren luzera 22 eta 28 metro bitartekoa izaten da.
  • Akuilua: metalezko punta zorrotza duen makila da eta horrekin zirikatzen dira idiak.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License