Jatorria

Lokotx-bilketaren jatorriari buruzko informazio garbirik ez dugu, idatziak eta aztarnak urriak baitira. Horrela, hainbat hipotesi eta teoria daude jatorriaren inguruan eta ezin dugu baieztapenik egin, ez dago iritzi bateraturik eta.

Batzuen ustez, lokotx-bilketak nekazaritzarekin eta, zehazkiago, uzta-bilketarekin du lotura. Nekazarien artean artaburu gehiago nork bildu eta saskian sartzearen lehiak sortu zitezkeen. Apustuak medio, lehiakideen arteko grina piztuko zen eta poliki-poliki baserriko lana plazara eramango zen.

Beste batzuen ustez, haurrentzako jolas modura sortu zen herri-kirol hau. Baserritarren seme-alabek jolas modura artaburuei aleak kendu eta saskietan sartuko zituzten. Ondoren, agian baserri ezberdinetako seme-alaben artean joko eta lehia sortu zen.

Iparraldean tradizio handiagoa du lokotx-bilketak eta baliteke, han sortu eta pixkanaka hegoalderantz hedatu izana. Baina esan bezala, horiek guztiak hipotesiak besterik ez dira eta ezin da ezer baieztatu.

Isasi Barrenengua baserriko familia beraien seme-alabek jolasteko artaburuak prestatzen (Indalecio Ojanguren).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/3728

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License