Gaur egun eratorritako kirola

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, arauak finkatzen hasi ziren. Udalerriek herri-kiroletako txapelketak antolatzen zituzten, eta horien artean harri-zulatzaileen apustuak antolatzen hasi ziren; adibidez, Tolosan eta Azpeitian. Garai hartan norgehiagokak bakarka egiten zituzten, ez taldean, gaur egun egiten diren bezala. Zuloen sakonera eta probaren iraupena aldatzen joan dira.

1930. urte aldera, Gerra Zibilaren aurretik, harri-zulatzaileen txapelketak ofizioaren desagerpenarekin batera galdu ziren. Mailu mekanikoa eta beste zenbait makina harrobietara eta meategietara iritsi zirenean, ez zen gehiago eskuz zulatzeko beharrik izan. 

XX. mendearen bukaera aldera herri-kirol diziplina hura berreskuratu eta arautu egin zen eta 1978an lehen erronkak antolatu ziren Mendaroko Trinitate erromerian eta Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan. 1998an Ortuellako Euskal Jaiak zirela-eta, elkarte batek harri-zulatzaileen txapelketa antolatu zuen ondare historikoa berreskuratzeko asmoz.

Ortuellan antolatutako lehen probaren ondoren, 1999an lehia eta txapelketa ofizialak egiten hasi ziren. Txapelketez gain, harri-zulatzaileek erakustaldiak ere egiten dituzte, kirola ezagutarazteko. Harri-zulaketan urtero ospatzen den lehiaketari Euskadiko Txapelketa izena eman diote eta, hala, falta zen ofizialtasuna eskuratu du kirolak. Orain, lurralde bakoitzeko epaileak arduratzen dira probak ikuskatzeaz.

Harri-zulaketa berreskuratu dela esan badaiteke ere, hobetu eta indartu beharreko alderdiak gelditzen dira oraindik; adibidez, kirol hori beste euskal lurraldeetara hedatzea da eginbeharretako bat. Talde gehienak Bizkaia mendebaldekoak edo Gipuzkoa ipar-mendebaldekoak dira, hau da, burdina-minerala edo kareharria ateratzen zuten eremu ingurukoak eta, gainera, probarik gehienak Bizkaian bertan egiten dira. Talde berriak egongo balira, kirola errazago hedatuko litzateke Euskal Herri osora.

Harri-zulatzaileak Portugaleten (the_soundtrack_of_my_life).
http://www.flickr.com/photos/thesoundtrackofmylife/695091176

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License