Jatorria
Sokatira antzinako zibilizazioek ezagutzen zuten eta mundu osoan hedatu zen. Horrela, kirol honen lehen aipamenak Egiptokoak dira eta K.a. 2500. urtean sokatira lehiak gauzatzen zirela frogatu da zenbait irudiri esker. Era berean, Etruskoen frisoek ere sokatira lehiaketak erakusten dituzte irudi ederretan.
Jakina da ere, K.a 500. urtearen inguruan greziarrek ezaguna zutela eta Greziako Joko Olinpikoetan kirol gisa erabiltzen zutela. Erroman ere bazuten sokatiraren berri, horrela Zeusek desafio egiten die gainerako jainkoei, soka luze baten muturrean jartzen badira guztiak batera arrastaka eramango dituela esanez.
Txinan ere ezaguna zen sokatira eta XII. menden Gortean ospe handia irabazi zuen kirol honek. Geroago, Erdi Aroan Europako herritxoetan sokatiraren aipamenak badaude eta badakigu Eskandinaviako klanen artean sokatiran aritzen zirela.
XV. eta XVI. mendeetan txapelketak gauzatu eta pisu mugaketaren inguruko oinarriak zehaztu ziren. Azkenik, XIX. mende bukaeran kirol arautu gisa agertzen zaigu. Paris eta Amberesko Joko Olinpiko Modernoetan, 1900. eta 1920. urteetan, sokatira onarturiko kirola izan zen. Orduz geroztik txapelketa ofizial ugari ospatu dira eta azkenik, 1964. urtean TWIF izeneneko Nazioarteko Sokatira Federazioa sortu zen, hogeita hamar bat nazio barne hartzen dituena.
Ikusten dugunez, sokatirak historia luzea du eta mundu osoan zabalduta egon da. Mendez mende tradizioz mantendu da eta herri arteko lehia moduan gauzatu izan da.
Sokatira Euskal Herrian
Euskal Herrian, ordea, arrantzaleek portuetan egiten zuten lanarekin eta herrietako gizonen arteko erronketan aurki dezakegu sokatiraren jatorria. Garai batean, itsasontziak porturatzeko egiten ziren lanetan, zirgalari bezala ezagututako gizon eta emakumeak aritzen ziren zirgatik tiraka itsasontziak uretatik lehorreratzen. Era berean, euskal arrantzaleek sokak erabiltzen zituzten baleak tiraka lehorrera ateratzeko. Poliki-poliki, lanean erabiltzen zuten sokari tiratzeko trebetasunari esker, beren arteko norgehiagokak hasi ziren.
Arrantzalea sokarekin (Sigfrido Koch Arruti).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/8445
Indar gehien duen teoria, aldiz, Euskal Herrian sokatira zelten zibilizazioaren eraginarekin lotzen duena da. Zeltak eta euskaldunak harremanetan egon ziren mendeetan zehar eta argia da beren arteko kultura trukaketa. Horrela, “soka” izena zelten “suka”tik dator eta, dirudienez, zeltek erakutsi zieten euskaldunei sokak egiten. Gainera, zelten eragina jaso zuten Europako beste herrialdeetan ere (Eskozia, Irlanda, Bretainia, Suedia...) sokatiraren antzeko jolasak praktikatzen dituzte.
Dena den, ahozko tradizioak dioenez sokatira lehiak ohikoak izan dira Euskal Herrian eta tradizio hutsez gorde izan da mendeetan zehar. Hasiera batean, Euskal Herrian ez zegoen arau zehatzik eta gizon pisutsuenak aukeratzen zituzten probetarako. Baina 1970eko hamarkadaren amaieran, euskaldunak Europako txapelketan parte hartzen hasi zirenetik, teknikak berritu eta arauak aldatu egin ziren.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License