Jatorria
Beste herri-kiroletan bezala, orga-jokoari buruzko dokumentazio gutxi dago. Hala ere, badaude herri-kirol horren jatorriaren berri ematen diguten teoriak.
Baserritarrek eguneroko lanetan merkantziak garraiatzeko erabiltzen zituzten orgak edota gurdiak. Ingurune harritsuetan eta malkartsuetan, aldiz, idiek, astoek edo zaldiek ezin izaten ziotenean gurdiei tira egin, baserritarrek eraman behar izaten zituzten gurdiak. Beste herri-kiroletan bezala, baserriko lan hura poliki-poliki gizonen arteko norgehiagoka bihurtuz joan zen kirol bilakatu arte.
Orga-jokoak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria, zaku-eramateak, lasto-jasotzeak, lasto-botatzeak, ontzi-eramateak eta ingude-altxatzeak bezala. Iparraldeko joko gisa ezagutzen dira sei herri-kirol horiek. Diziplina horiek aspalditik egiten ziren Iparraldean baina erabat ezezagunak ziren Hegoaldean. 1970eko hamarkadaren bukaeran Mutriku Sokatira Taldekoek Gipuzkoara eta Bizkaira eraman zituzten lehen aldiz eta, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, jada, Euskal Herri osoan zabaldurik zeuden herri-kirol horiek.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License