Jatorria eta gaur egun eratorritako kirola
Ahari-topekak (ahari-jokoa Gipuzkoan eta ahari-talka Nafarroan) artzainen arteko norgehiagoka hutsa ziren garai batean. Baina XX. mendearen hasieran jendaurrera eramaten hasi ziren aharizaleak. Gipuzkoan Azkoitia, Azpeitia, Eibar, Tolosa eta Arroa auzoan; eta Nafarroan Leitza, Betelu, Intza eta Azkaraten ospatu izan dira aharien arteko lehiaketa garrantzitsuenak.
Aharien prestaketa baserritar bakoitzak bere senan eta jakindurian oinarrituta egiten du, horrela gaitasun hoberenak dituzten abelburuak hautatuz; lau edo bost urte dituzten buruak izaten dira, muskulatura onekoak, zango indartsudunak, bular zabalekoak eta ondo bildutako adarrak dituztenak.
Latxa arrazako aharia (Ametsola).
http://www.flickr.com/photos/7879423@N06/2481212922/
Ahariaren prestaketan bi alderdi dira garrantzitsuak: batetik, jan-edana eta, bestetik, ariketa fisikoa. Aharia apusturako ondo trebatzeko, 4-5 kilometro egin behar ditu bi egunetik behin korrika edo pauso bizi-bizian. Elikadurari dagokionez nahiko janari berezia ematen zitzaizkion ahariari: lehen ardoa, arrautzak eta azukrea ematen zitzaion ahariari. Orain, aldiz, ardoaren ordez ura jartzen diote, egarria senti ez dezan, eta aurreko elikagaiez gain azenarioa, tomatea eta sagar gordina ere eman diezaiokete.
Ahari onenak Urbasa eta Andiako mendietatik ekartzen omen zituzten garai bateko artzainek. Urbia eta Aralarkoak baino txikiagoak izan arren, borrokari ausartagoak ziren, eta buruz eta adarrez gogorragoak. Gaur egungo ahari borrokalarienak ere handik ekartzen dituzte.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License