Arauak

Arau orokorrak

  • Probak, horretarako prestatutako probalekuetan egingo dira.
  • Eraman beharreko harriek zulo bat izango dute aurreko aldean, katea pasatzeko eta ziria jartzeko.
  • Probalariek plaza edo iltzea egin dutela ulertuko dugu, harriaren aurreko aldeak irteera gunearen beste aldean dagoen marka edo lerroa zapaltzen duenean.
  • Harria ezin izango da probalekuko alboetako marketatik atera.
  • Harriaren alde bertikaletako bat alboetako marretatik aterako balitz, “ustela” gertatuko litzateke. Hori gertatzen denean, probalariek atzera egin beharko dute, harria bere osotasunean atera den gunetik baino atzerago egon arte.
  • Proba-bukaera epaileak neurtuko du, harriaren aurreko aldean urrutien dagoen zatia kontuan hartuz.
  • Proba bukatutakoan, epailea “ustela” adierazten ari bada, marka leku horri dagokiola ulertuko dugu, harria dagoen lekua kontuan hartu gabe.
  • Proba guztietan plazako epaileak hartuko du parte. Plazako epailea federazioko kide izango da.

Arau zehatzak

Giza probetan aritzen direnek, era honetan egin beharko diete tira harriei:

  • Kirolariak harriek dituzten heldulekuetatik bultzatuz edo tiratuz gauzatu beharko du proba.
  • Proba guztietan jartzen den ziria duen katetik tira behar da.
  • Parte-hartzaileek katea, kakoa eta gerrikoa erabili ahal izango dute, bestelako ezer erantsi gabe.
  • Proban bi lagunek edo gehiagok parte-hartzen dutenean, antolatzaileek nardaia jarri beharko dute.
  • Parte-hartzaileek nahi duten motatako galtzerdiak, espartinak, oinetakoak eta abar erabili ahal izango dituzte, baina zola garbia izan behar dute.
  • Giza probetan kronometratzailea probako partaideen ondoan joan ahal izango da, plazako ertz batean gelditu beharrean. Bere lana kirolariei aholkua ematea izango da.
  • Botileroa parte-hartzaileen ondoan joan daiteke, edaria emateko edo baten-batek gerrikoa aldatu behar badu laguntzeko.
  • Matxura gertatzen denean, nardaia eta girgiluak hausten direlako edo katea hausten delako, gehienez 10 minutu erabiliko dira konponketak egiteko.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License