Herri-kirolak
“ Aizkora herri-kirol ezagunenetarikoa da eta agian, herri-kirol guztien artean gogorrena.
gehiago...Jatorria
closeEuskal Herriko nekazaritzan aizkora ezinbesteko lan-tresna zen. Aizkora erabiliz mozten ziren gure baso eta mendietako zuhaitzak. Hauetatik ateratako egurra etxerako, egur-ikatza lortzeko edo untzigintzarako erabiltzen zen.
Denboran atzera egin behar dugu aizkoraren jatorria aurkitzeko, Erdi Arora arte zehazki. Garai horretan, Euskal Herrian untzigintzak eta burdinolek garrantzia handia zuten eta egur eta ikatz kopuru handiak behar zituzten. Hori zela eta, aizkolari eta ikazkin ugari zeuden mendi eta basoetan enborrak mozten eta txondorrak egiten. Lanean aritzen ziren gizonak enborra nork lehenago moztu apustuak egiten hasi ziren. Hasieran mendi eta basoetan egiten ziren lehia horiek poliki-poliki herrira jaitsi ziren.
“ Altxaldia ontzat emateko harria sorbaldan orekatu eta gorputzaren aurrealdetik lurreratu beharko da.
gehiago...Jatorria
closeEuskaldunak, mundua indar fisikoaren neurketa bezala ulertu izan du. Harria jasotzea beti egon da baserritarren eguneroko eginbeharren artean: lehenbizi trikuharriak izan zitezken, gero harresiak, etxeak, herrixkak eta ermiten eraikitze-lanak. Gaur egun, eraikitzen laguntzeko elementu ugari dugu, baina garai batean materialak gizakiaren indar-fisikoaz edo animalien laguntzaz garraiatu behar ziren. Material horien artean ohikoenetakoa harria zen.
Harrobian bertan ere, askotan bloke handiak gurdiraino eskuekin eraman behar izaten zituzten. Beraz, berriz ere, jatorria lan-jarduerari lotua dagoela ikusten dugu.
“ Harri-proba edo arraste-modalitaterik ohikoena eta ezagunena da idi-proba.
gehiago...Jatorria
closeTraineruen arteko lasterketak Euskal Herriko itsasertzeko bizimodu tradizionaletik sortzen dira. Euskal Herrian arrantzak garrantzi handia izan du beti eta hemen aurkitzen dugu hain zuzen, estropaden jatorria. Garai batean itsasgizon indartsu eta sendoak irteten ziren itsasora, arrantza egin eta gero garaiz portuetara arrainez betetako itsasontziak ekartzeko. Harrapatutako arraina portuan saltzeko zeinek lehenago ekarri lehian aritzen ziren arrantzaleak.
“ Helburua asto edo zaldi batek arrastaka probarri izeneko harria denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeenean garraiatzean datza.
gehiago...Jatorria
closeEuskal Herrian, idiez gain, beste animalia batzuekin ere egin izan dira arraste-probak; hala nola, zaldiarekin eta astoarekin. Baina, idi-probekin aldenduz gero, proba horiek askoz ere oihartzun txikiagoa izan dute eta pisu gutxiagoko harriak erabili izan dira. Animalia horiek baserritarrarentzako osagarri bikaina izan dira garraiorako nahiz nekazal lanak egin eta zamak eramaten laguntzeko.
Idiak nekazaritza eta harrobi lanetan laguntzaile izan diren bezala, zamarako astoa edo mandoa erabili izan da. Zaldia distantzia luzeetarako erabilia izan da, baita garraio arin eta azkarretarako ere.
“ Inork ez daki zehazki noiz hasi zen gizakia harria bere gorputzaren indarrez arrastaka mugitzen, animalien edo makinen laguntzarik gabe.
gehiago...Jatorria
closeHarria baserritarrarentzat beti izan da erronkarako aitzakia bat. Harria beraien eguneroko eginbeharretan presente zegoen: harria baserriak, errepideak edo zubiak eraikitzeko behar zen eta harrobi-lanetan jende indartsuak egiten zuen lana. Pixkanaka eta euskaldunen zaletasuna piztuz, bata bestearen arteko erronkak sortuz joan ziren. Bizkaia aldean sustraitutako diziplina horren jatorria, iragan urrunean galtzen da, baina ikertzaile batzuen arabera, XVIII. mendean baziren dagoeneko giza probak.
Gerra Zibilaren aurretik giza probak erakustaldi bitxiak bezala aurkezten baziren ere, XX. mende erdialdera hasi zen normalizatzen kirol-jarduera hau. Beraz, esan daiteke, diziplina bezala herri-kirol berria dela.
“ Harri-zulatzaileek kareharrizko blokeak zulatzen dituzte, kolpeka eta metalezko laztabin bati bira emanez.
gehiago...Jatorria
closeXIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran, harri-zulatzaileen lanbidea nahiko ohikoa zen harrobi eta meategietan. Garai bateko harri-zulatzaileek altzairuzko barrena edo laztabin luze eta pisutxuak (10 kilotik gorakoak batzuetan) erabiltzen zituzten lanerako. Haiekin bi metrotik gora sakonerako zuloak egiten zituzten askotan, ondoren dinamita-kartutxoak bertan sartu eta eztanda egin zezaten. Ogibide gogorra eta zaila zen, langileek hamar kilotik gorako laztabina eskuetan hartuta eman behar izaten baitzuten egun osoa.
“ Proba azkarra da, 90 segundokoa, eta indar handia eskatzen du besoetan eta gerrian. Herri-kirolen artean berezienetakoa da.
gehiago...Jatorria
close2010. urtean jolastu zen lehen aldiz Euskadiko ingude-altxatze txapelketa Aizarnazabalen. Joxe Lapazaran bizkaitarrak irabazi zuen txapela, 94 jasoaldirekin, eta bigarren Joakin Aioroa gelditu zen. Zazpi kirolari lehiatu ziren: BeƱat Amade (Getxo), Mikel Irizar (Astigarraga), Unai Ardeo (Getxo), Joxe Lapazaran (Etxebarria), Joseba Sanchez (Ugao-Miravalles), Igotz Ardeo (Getxo) eta Joakin Aioroa (Ituren). Kirolari bakoitza 18 kiloko ingudearekin aritu zen minutu eta erdiko txandatan.
2011. urtean II. Euskadiko ingude-altxatze txapelketa Joakin Aioroa nafarrak irabazi zuen, Doneztebeko pilotalekuan (Nafarroa Garaia) 91 jasoaldi eginaz.
“ Altuera bakoitzean hiru saiakera egin ahal izango dira. Kale eginez gero, parte-hartzailea kanporatua geldituko da.
gehiago...Jatorria
closeLasto-jasotzearen jatorria, lasto-botatzearen antzera, nekazal lanetan aurki dezakegu. Baserritarrek belarra moztu ondoren fardotan biltzen zuten, gero pilatu eta negurako gordetzeko. Fardoa soka eta polea erabiliz baserrietako sabai edo ganbarara igotzen zuten. Lan hau burutzeko indarra eta trebetasuna beharrezkoak ziren. Beste herri-kiroletan bezala, baserriko lan hau poliki-poliki gizonen arteko norgehiagoka bihurtuz joango zen, kirol bilakatu arte.
Lasto-jasotzeak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria , zaku-eramateak, lasto-botatzeak, orga-jokoak, ontzi eramateak eta ingude-altxatzeak bezala. Iparraldeko joko gisa ezagutzen dira sei herri-kirol horiek.
“ Fardoak 12 eta 13 kilo arteko pisua izango du. Hautsi ez dadin, sendo eta sare batekin lotua egongo da.
gehiago...Jatorria
closeHerri-kirol honen jatorria, lasto-jasotzearen antzera, nekazaritza-lanetan aurki dezakegu. Horrela, belar-fardoak baserrietako lastategietan edo sabaietan gordetzeko lanetik dator lasto-botatzea. Baserritarrek sardea erabiliz altura handian zeuden ganbaretara jaurtikitzen zituzten fardoak. Beste herri-kiroletan bezala, baserriko lan hau poliki-poliki gizonen arteko norgehiagoka bihurtuz joango zen kirol bilakatu arte.
Lasto-jasotzeak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria , zaku-eramateak, lasto-botatzeak, orga-jokoak, ontzi eramateak eta ingude-altxatzeak bezala.
“ Lokotxak (guztira, 50 ale) lerroan jarrita egoten dira eta beraien artean 1,25 metrotako tartea dute.
gehiago...Jatorria
closeLokotx-bilketaren jatorriari buruzko informazio garbirik ez dugu, idatzi eta aztarnak urriak baitira. Horrela, hainbat hipotesi eta teoria daude jatorriaren inguruan eta ezin dugu baieztapenik egin, ez dago iritzi bateraturik eta.
Batzuen ustez, lokotx-bilketak nekazaritzarekin, eta, zehazkiago, uzta-bilketarekin du lotura. Nekazarien artean artaburu gehiago nork bildu eta saskian sartzearen lehiak sortu zitezkeen. Apustuak medio, lehiakideen arteko grina piztuko zen eta poliki-poliki baserriko lana plazara eramango zen.
“ Kirolariak 200 eta 325 kilo arteko orga zahar bat altxatu behar du eta bere ardatzaren inguruan birarazi.
gehiago...Jatorria
closeBeste herri-kiroletan bezala, orga-jokoari buruzko dokumentazio gutxi daukagu. Hala ere, badaude herri-kirol honen jatorriaren berri ematen diguten teoriak.
Baserritarrek eguneroko lanetan merkantziak garraiatzeko erabiltzen zituzten orga edota gurdiak. Ingurune harritsu eta malkartsuetan aldiz, idiek, astoek edo zaldiek ezin izaten zutenetan gurdiei tira egin, baserritarrek beraiek eraman behar izaten zituzten gurdiak. Beste herri-kiroletan bezala, baserriko lan hau poliki-poliki gizonen arteko norgehiagoka bihurtuz joango zen kirol bilakatu arte.
“ Baserri giroan esne-ontziak eraman eta ekartzeko lanak edo eta tren geltokietan maletak alde batetik bestera eramateko lanak izan daitezke ontzi-eramatearen jatorria.
gehiago...Jatorria
closeOntzi-eramatearen jatorriaren inguruan ez dago dokumentazio askorik, baina badira hainbat teoria eta hipotesi horren inguruan. Baserri giroan esne-ontziak eraman eta ekartzeko lanak edo eta tren geltokietan maletak alde batetik bestera eramateko lanak izan daitezke ontzi-eramatearen jatorria. Horrela, salgaiak (maleta eta paketeak) edota esnea-tupinak garraiatzeko erronketatik etor liteke herri-kirol hau.
Ontzi-eramateak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria, zaku-eramateak, lasto-botatzeak, lasto-jasotzeak, orga-jokoak eta ingude-altxatzeak bezala. Iparraldeko joko gisa ezagutzen dira sei herri-kirol horiek.
“ Belardia zatietan sailkatuko da sailak osatzeko. Zati edo alorrek ahalik eta antzik handiena izango dute orografia aldetik eta belarraren ezaugarrien aldetik.
gehiago...Jatorria
closeXV. mendetik eta, bereziki, XVI. mendetik aurrera, basoen ustiaketa intentsiboa da euskal lurraldeetan. Ordurarte mendiak basoz estalirik zeuden. Gizakiak, bizirauteko, bertako zuhaitzak botatzen hasi ziren, Europako beste leku askotan bezala, bai egurra ustiatzeko, bai lurrak nekazaritza-laboreetara zuzentzeko asmoz. Arrazoi horregatik, ganaduari zuzendutako belardiak gutxitu egin ziren eta baserriko abereentzat elikagaia lortzea ez zen lan erraza izaten.
Baina, nekazal laboreek ez zutenez uste bezain etekin ona ematen, baserritarra ganadua gehitzen hasi zen (behiak, idiak eta txahalak).
“ Soka lodi eta luze baten alde banari helduta, talde bakoitzak aurkaria bere eremura eraman nahi du indarrez.
gehiago...Jatorria
closeSokatira antzinako zibilizazioek ezagutzen zuten eta mundu osoan zehar hedatu zen. Horrela, kirol honen lehen aipamenak Egiptokoak dira eta K.a. 2500. urtean sokatira lehiak gauzatzen zirela frogatu da zenbait irudiri esker. Era berean, Etruskoen frisoek ere sokatira lehiaketak erakusten dituzte irudi ederretan.
Jakina da ere, K.a 500. urtearen inguruan greziarrek ezaguna zutela eta Greziako Joko Olinpikoetan kirol gisa erabiltzen zutela. Erroman ere bazuten sokatiraren berri, horrela Zeusek desafio egiten die gainerako jainkoei, soka luze baten muturrean jartzen badira guztiak batera arrastaka eramango dituela esanez.
“ 1970eko hamarkadatik aurrera, poliki-poliki trontza berpiztuz joan da.
gehiago...Jatorria
closeTrontza, XIX. mendearen erdialdean Italiatik inportaturiko tresna da. Aldo Moranti italiarrak ekarri zuen 1860. urtean lehen aldiz Iratiko basoetara eta denbora gutxian Euskal Herri osora zabaldu zen.
Tresna horrek basoko langileen lana goitik behera aldatu zuen eta bi langilerekin soilik errendimendu handiagoa lortzen zuten. Poliki-poliki langileen arteko norgehiagoka eta apustuak egiten hasi ziren. Horrela, lehen trontza lehiaketak 1870eko hamarkadan hasi ziren eta lehen jende-aurreko erakustaldiak XX. mende hasierakoak dira.
“ Hegoaldean proba hori txingekin egiten den bitartean, Iparraldean ontziekin egiten da eta ontzi-eramate bezala da ezaguna.
gehiago...Jatorria
closeHerri-kirol honen inguruan ez dago dokumentazio askorik, baina badira hainbat teoria eta hipotesi bere jatorriaren inguruan. Baserri giroan esne-ontziak eraman eta ekartzeko lanak, tren geltokietan maletak alde batetik bestera eramateko lanak edota errotetan balantzarako pisu handiak mugitzeko lanak izan daitezke txingen jatorria.
Baserritarrek indar erakustaldiak egiten hasi eta beraien arteko erronkak sortuko ziren.
“ Bizkarrean zakua hartuta egiten den lasterketa da, kontrabandista euskaldunek (mugalariek) antzina egiten zuten bezala.
gehiago...Jatorria
closeZaku-eramatearen jatorria nekazal lanetan aurki dezakegu, baserriko pisuak alde batetik bestera mugitzeko lanetan hain zuzen. Trebeenak zein ziren jakiteko lehiak sortuko ziren eta lana poliki-poliki kirol bihurtu zen.
Beste batzuen ustez ordea, zaku-eramateak garai bateko kontrabandoan du jatorria. Euskal Herriarekin muga egiten duten lurretan kontrabandistek egiten zuten lanari lotzen zaio, mugalariek salgai debekatuak garraiatzen baitzituzten antzina. Gehienetan, gauez egiten zituzten garraio mota hauek, polizien eta aduanen zaintzari ihes egiteko.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License