Modalitateak eta arauak

Pilotan jolasteko erreminta behar da: esku-ahurra, egurrezko pala, zumezko xistera edo zesta bat. Pilota ere larruzkoa edo kautxuzkoa izan daiteke. Erremintaren arabera hiru modalitate aipa daitezke: esku-pilota, pala eta zesta-punta.

Aipatutako modalitate horiek joko ez zuzenean sartzen dira, hau da, pilota aurkariarengana iritsi aurretik pilotalekuaren frontisa jo behar du. Dena den, badaude joko zuzena deitzen diren beste batzuk ere. Ez dira aipatutakoak bezain ezagunak baina euskal pilotaren historian garrantzia handia eduki dute, hala nola, bote luzea edo, tamalez galtzeko zorian dagoen, errebotea.

Hona hemen euskal pilotaren modalitate edo joko motak:

Esku-pilota

  • Pilota: larruzko pilota.
  • Jokalekua: plaza irekiko frontoia, ezker paretadun frontoia edo trinketa.
  • Tresna: esku-ahurra.
  • Ezaugarriak: esku-pilota esku hutsez jokatzen da. Bi jokalari edo bi bikote bata bestearen kontra arituz jokatzen da. Elkarren aurka diharduten bi alde horiek, txandaka, larruzko pilota kolpatzen dute, pilotak frontoiko frontisa edo aurreko horma jo dezan, bi aldeetako batek huts egin duelako besteak puntua lortzen duen arte. Esku-pilota Euskal Herri osoan ez ezik, Errioxan eta Aragoin ere jokatzen da. Euskal emigratzaileei esker, Amerikako hainbat lurraldeetan ere bai. Esku-pilota da euskaldunen artean grinarik handiena sortzen duen jokatzeko modua.
  • Arauak: arauak XIX. mendeko azken herenean finkatu ziren.
  • Bi edo lau pertsonak jokatzen dute (banaka edo binaka).
  • Alde batek gerriko gorria eramango du eta aurkariak, berriz, urdina.
  • Binaka jokatuz gero, bikoteko jokalari bat aurrean arituko da (aurrelaria) eta bestea atzean (atzelaria).
  • Sakea erabakitzeko, alde bat urdina eta bestea gorria dituen metalezko txanpon bat botatzen da airera. Lurrera erori eta aldearen kolorearen arabera izango da sakea.
  • Sakea ona izan dadin “motz” dioen marraren eta “pasa” dioen marraren artean botea egin beharko du, beti ere frontisa jo ondoren. Hori gertatu ezean, sakatzaileak bigarren aukera bat edukiko du sakea burutzeko.
  • Puntua lortzen da beste jokalariak edo taldeak…
    • ez badu pilota frontisaren txaparen gainetik botatzen.
    • pilota jo aurretik hark bote bat baino gehiago egiten badu.
    • pilotak frontisa ukitu ondoren botea zoruko eskuin edo ezker aldeko marraren kanpoaldean egiten badu.
  • Esku-pilotako partidak orokorrean 22 puntura izaten dira.

 

Esku-pilota (Orreaga Aranburu).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/1115463

Pala

  • Pilota: palako espezialitatearen arabera gomazkoa edo larruzkoa erabiltzen da.
  • Jokalekua: ezker paretadun frontoia edo trinketa.
  • Tresna: pago-zurez egindako pala da ohikoena.
  • Ezaugarriak: palazko pilota modernoaren sorrera mende hasieran Eraso anaiek Goikoetxea eta Abandoko Txikitoren kontra jokatutako desafioetan kokatzen da. Bilboko Euskalduna pilotalekuko lehenengo palistak izan ziren horiek. Joko-modalitate hori 1922an jolastu zen lehen aldiz Donostiako Urumea pilotalekuan. Pala erabiltzea ez da gauza erraza. Frontoi handiak, toke handiko pilotak eta indar eta trebezia handia eskatzen ditu. Horregatik, jende arruntak joka ditzakeen joko-moduak asmatu dira: pala motza eta pala txikia.
  • Arauak: honakoak dira palako araudi orokorrak:
  • Palan ohikoena bikoteka jokatzea da, hala ere, banaka ere joka daiteke.
  • Alde batek gerriko urdina jantziko du eta aurkariak gorria.
  • Binaka jokatuz gero, bikoteko jokalari bat aurrean arituko da (aurrelaria) eta bestea atzean (atzelaria).
  • Palaren ezaugarriak honakoak dira:
    • Palak zurezkoa izan behar du, pieza bakarrekoa. Ezin zaio metalezko piezarik edo beste egurrik erantsi.
    • Luzera, 52-54 cm.
    • Buruan 10,5 cm-ko diametroko zirkunferentzia eta 5,5 cm-ko lodiera maximoa izango ditu.
    • Pisua 850 eta 900 gramo artean egongo da.
  • Partida ofizialetan sakea frontoiko frontisetik 40 metrora egiten da (10. kuadrotik) eta “pasa” kuadroa gainditu behar du botea egindakoan.
  • Partidak 45 tantora jokatzen dira.
  • Pilotaren pisua 100 eta 110 gramo artean egoten da.
  • Partida ofizialetan kaskoa jantzi behar da.
  • Puntua lortzen da beste jokalariak edo taldeak…
    • ez badu pilota frontisaren txaparen gainetik botatzen.
    • pilota jo aurretik hark bote bat baino gehiago egiten badu.
    • pilotak frontisa ukitu ondoren botea zoruko eskuin aldeko marraren kanpoaldean egiten badu.

 

Zesta-punta

  • Pilota: larruzko pilota.
  • Jokalekua: ezker paretadun frontoia edo trinketa.
  • Tresna: gaztainondoz eginikoa xistera edo zesta da. Eskularrua larruzkoa edo antzeko materialen batez egindakoa izaten da. Plastikozko zestak ere erabiltzen dira gaur egun.
  • Ezaugarriak: eskuz eta palaz pilota bultzatzeko gogorki jotzen den bezala xisteraz jokatzen diren jokotan, pilota xisteran biltzen da. Horrela, ibilbidez aldatu baino lehenago geldirik egoten den denbora luzatzen da. Puntazko jokoa edo zesta-punta ikusgarria izateaz gain nazioarte-mailan zabalduen dagoen euskal pilota modalitatea da. Euskal Herritik kanpora pilota modalitate hau Jai Alai bezala da ezaguna. Herrialde askotan zesta-puntan jolasteko frontoi profesionalak aurki ditzakegu.
  • Arauak: honakoak dira zesta-puntako araudi orokorrak:
  • Zesta-puntan ohikoena bikoteka jokatzea da.
  • Alde batek gerriko urdina jantziko du eta aurkariak gorria.
  • Bikoteko jokalari bat aurrean arituko da (aurrelaria) eta bestea atzean (atzelaria).
  • Lehen sakea erabakitzeko, alde bat urdina eta bestea gorria dituen metalezko txanpon bat botatzen da airera. Lurrera erori eta aldearen kolorearen arabera izango da sakea.
  • Puntua lortzen da beste jokalariak edo taldeak…
    • ez badu pilota frontisaren txaparen gainetik botatzen.
    • pilota jo aurretik hark bote bat baino gehiago egiten badu.
    • pilotak frontisa ukitu ondoren botea zoruko eskuin aldeko marraren kanpoaldean egiten badu.
  • Zesta-puntako partida batzuk 30 tantora jokatzen dira eta beste batzuk, berriz, 35 tantora. Azken kasu hori, orokorrean, txapelketetako finaletan izaten da.
  • Partida ofizialetan kaskoa jantzita eraman behar da.

 

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License