Jatorria eta gaur egun eratorritako kirola

Harria baserritarrarentzat beti izan da erronkarako aitzakia. Harria beren eguneroko eginbeharretan presente zegoen: harria baserriak, errepideak edo zubiak eraikitzeko behar zen eta harrobi-lanetan jende indartsuak egiten zuen lana. Pixkanaka eta euskaldunen zaletasuna piztuz, bata bestearen arteko erronkak sortuz joan ziren. Bizkaia aldean sustraitutako diziplina horren jatorria iragan urrunean galtzen da, baina ikertzaile batzuen arabera, XVIII. mendean baziren dagoeneko giza probak.

Gerra Zibilaren aurretik giza probak erakustaldi bitxiak bezala aurkezten baziren ere, XX. mendearen erdialdean hasi zen normalizatzen kirol-jarduera hau. Beraz, esan daiteke, diziplina bezala herri-kirol berria dela.

Giza proben urte hoberenak 1970eko eta 1980ko hamarkadak izan ziren. Erronkak jendetsuak izaten ziren eta banatzen ziren sariak oso erakargarriak. 1980ko hamarkadatik aurrera erakustaldiak gutxitzen joan ziren, egungo egoerara iritsi arte. Gaur egun kirolari gutxi aritzen da diziplina honetan.

Gaur egun ez dago plazara agertu nahi duen kirolari gazterik eta diziplina gainbehera garbian dago. Gainera, lehentxeago aipatu den bezala, diziplina hori Bizkaia aldean jaioa da eta ez da gainontzeko lurraldeetara asko zabaldu. Euskadiko txapelketako parte-hartzaile gehienak, adibidez, bizkaitarrak dira.

Giza probako kirolari garrantzitsuenak aipatu beharko bagenitu, honako hauek izango lirateke: Lazaro, Aitor Totorika “Markinako lehoia”, Agustin Unamunzaga, Jon Olea “Sakoneta” edo diziplina horretako azken txapeldun handia, Mikel Alzola gernikarra.

Giza proba Elgoibarren (Indalecio Ojanguren).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/1942

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License