Jatorria
Herri-kirol honen jatorria, lasto-jasotzearen antzera, nekazaritza-lanetan aurki dezakegu. Horrela, belar-fardoak baserrietako lastategietan edo sabaietan gordetzeko lanetik dator lasto-botatzea. Baserritarrek sardea erabiliz altura handian zeuden ganbaretara jaurtikitzen zituzten fardoak. Beste herri-kiroletan bezala, baserriko lan hau poliki-poliki gizonen arteko norgehiagoka bihurtuz joan zen kirol bilakatu arte.
Lasto-botatzeak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria, zaku-eramateak, lasto-jasotzeak, orga-jokoak, ontzi eramateak eta ingude-altxatzeak bezala. Iparraldeko joko gisa ezagutzen dira sei herri-kirol horiek. Diziplina horiek aspalditik egiten ziren Iparraldean baina erabat ezezagunak ziren Hegoaldean. 1970eko hamarkadaren bukaeran Mutriku Sokatira Taldekoek Gipuzkoara eta Bizkaira eraman zituzten lehen aldiz eta, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, jada, Euskal Herri osoan zabaldurik zeuden herri-kirol horiek.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License