Jatorria eta gaur egun eratorritako kirola

Beste herri-kiroletan bezala, zaku-eramateari buruzko dokumentazio gutxi daukagu. Hala ere, badaude herri-kirol honen jatorriaren berri ematen diguten teoriak.

Zaku-eramatearen jatorria nekazarien lanetan aurki dezakegu, baserriko pisuak alde batetik bestera mugitzeko lanetan, hain zuzen. Trebeenak zein ziren jakiteko lehiak sortuko ziren eta lana poliki-poliki kirol bihurtu zen.

Beste batzuen ustez ordea, zaku-eramateak garai bateko kontrabandoan du jatorria. Euskal Herriarekin muga egiten duten lurretan kontrabandistek egiten zuten lanari lotzen zaio, mugalariek salgai debekatuak garraiatzen baitzituzten antzina. Gehienetan, gauez egiten zituzten garraio hauek, polizien eta aduanen zaintzari ihes egiteko.

Zakua eramaten (Indalecio Ojanguren).
http://www.guregipuzkoa.net/photo/3719

Zaku-eramateak Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) du jatorria, orga-jokoak, lasto-jasotzeak, lasto-botatzeak, ontzi-eramateak eta ingude-altxatzeak bezala.

Iparraldeko joko gisa ezagutzen dira sei herri-kirol horiek. Diziplina horiek aspalditik egiten ziren Iparraldean, baina erabat ezezagunak ziren Hegoaldean. 1970eko hamarkadaren bukaeran Mutriku Sokatira Taldekoek Gipuzkoara eta Bizkaira eraman zituzten lehen aldiz eta, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, jada, Euskal Herri osoan zabaldurik zeuden herri-kirol horiek.

Zazpi Herrialdetako Txapelketa izeneko lehiaketan ohikoak dira zaku-eramate probak. Gainera, Nafarroa eta Gipuzkoako zaku-eramate txapelketak ere ospatzen dira. Hala ere, Iparraldeko diziplina guztietan gertatzen den moduan, ez dago belaunaldi gazteek errelebua hartuko duten inolako zantzurik.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License