Gida didaktikoa

Herri-kirolak ikasmateriala berez 10 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzendutako ikasmateriala da. Ikasmateriala Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Eskola 2.0 web-orrian zintzilikatuko da hezkuntza-komunitateak, edota interesa lukeen beste edonork, eskura izan dezan. Produktuaren xede nagusia ikasleen artean euskal herri-kirol eta -jolas tradizionalak ezagutu eta jatorria ikertzea da, era atsegin eta entretenigarrian, kalitatezko edukiekin, eta elkarreragiketaren bitartez material erakargarria garatuz, hau da, Teknologia berriak eta IKT delakoak gaur egun duten presentzia kontuan hartuz hauen jakintza ikasleen artean hedatzea.

Garapen-ildo nagusiak honako hauek dira:

  • Herri-kirolak gazteei ezagutaraztea.
  • Herri-kirolen jatorria ikertzea.
  • Teknologia berriak eta ikasmateriala uztartzea, gazteak teknologia berrietan erabat murgilduz.
  • Ohiko ikasgelak ikasgela digitalak bilakatzea.
  • Irakasleak IKT gaitasunetan trebatzea.
  • Ikasgeletako metodologia-aldaketari laguntzea.
  • Eten digitala murriztea.

Ikasmaterialaren abiapuntua edukien arteko nabigazioa eta interaktibitatea da. Horrela, ikasleak gaiaren inguruan gehien interesatzen zaion informazioan zehar nabigatzeko aukera du, atal guztiak elkarren artean elkarloturik baitaude. Ikasleak euskal tradizio ludikoak eta fisikoak ezagutu eta horietara hurbiltzeko parada du, horiek definitzen eta azaltzen dituzten kontzeptuak eskuratuz.

Helburu orokorrak

Hauek dira Herri-kirolak ikasmaterialaren helburu nagusiak:

  • Euskal Herriko eta beste kultura batzuetako tradizio ludikoek eta fisikoek nahiz kirolekoek duten gizarte- eta kultura-kutsua aintzat hartzea, euskal kulturaren eta beste kultura batzuen balioak errespetatzeko eta balioesteko.
  • Jarduera fisikoen aniztasuna, jolas motak, tradizio ludikoak, kirol-jarduerak eta dantzak ezagutzea eta gizarteko eta kulturako hainbat irizpide kontuan hartuta balioestea, euskal kulturaren balioak aintzat hartzeko.

Curriculumaren erreferentziak OCDn

Herri-kirolak osatzen duen ikasmateriala Lehen Hezkuntzako 3. zikloko 5. eta 6. mailakoen Gorputz Hezkuntza irakasgaiko edukiekin txertatzen da hobekien. Hain zuzen ere, irakasgai hori osatzen duten laugarren eduki multzoarekin, Mugimen-kultura: aisialdia eta denbora librerako hezkuntza delakoarekin lotura zuzena du:

  • Jolasa eta kirola gizarte- eta kultura-fenomenotzat hartzea.
  • Jolasen eta kirol-jardueren motak. Hainbat modalitatetako eta gero eta zailtasun handiagoko jolasak eta kirol-jarduerak egitea, euskal herri-jolasak barne.
  • Herri-kirol, -dantza edo -jolasak eta kirol, dantza eta jolas tradizionalak ikertzea eta egitea.
  • Teknologia berriak erabiltzea honako hauei buruzko informazioa bilatzeko: kirolak, kirol-ekitaldiak, bibliografia...

Herri-kirolak hala ere zeharkako izaera du, lantzen dituen tresnak eta gaiak ikasleak Gorputz Hezkuntza bera ez diren beste gaietan eta bere eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Gaitasunei dagokienean, hauek dira ikasmaterialak garatzen laguntzen duena:

  • Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
  • Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
  • Giza eta arte-kulturarako gaitasuna.
  • Gizarte-harremanetarako gaitasuna (gizarte-trebetasunak) eta taldeetan eta gizartean barneratzeko gaitasunak.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.
  • Estrategiak erabiltzeak erabakiak hartzearekin lotura duen gaitasuna.

Materialaren erabilerarako testuinguru metodologikoa

Herri-kirolak ikasmaterialaren xede nagusia irakasgaiaren laguntzaile zuzena izatea da, hau da, Gorputz Hezkuntzan aurrera eramango dituzten kirol-ekintzen sarrera izatea eta hauek garatzeko ahalbidetuko duen erreminta eskuratzea. Horrela, ikasleak, Herri-kirolak ikasmaterialaren bidez euskal-jolas eta -jokoei buruzko kontzeptu teorikoak jasotzeko aukera dauka, gero era praktikoan landuko dituenak indibidualki eta talde-lanean.

Gorputz Heziketarako prestatutako ikasmaterial honek bi ezaugarri dituela esan genezake: batetik, irakasle-ikasleek landu beharreko ikasmaterialarekin loturikoak; bestetik, ohiko klaseetan, teknologia berriak erabiltzeko aukera ematen duena (Gorputz Hezkuntza irakasgaian ohikoa ez dena).

Ikasmaterialaren oinarria interaktibitatea eta elkarreragiketa dugu: ikasleentzako erakargarria eta motibagarria izan dadin edukien arteko lotura eta nabigazioa ahalbidetzen du, eta, horrez gainera, ikasitako eduki teoriko guztiek hainbat jarduera ezberdinen bidez garatzeko aukera luzatzen du.

Horrekin guztiarekin, ikasleak Gorputz Hezkuntza ikasgaiarekiko duen interes- eta motibazio-maila areagotuko du: bere egunerokotasunean hain erabiliak diren kontzeptu eta ezagutzak garatzeko aukera duelako era atsegin eta entretenigarrian eta, betiere, zuzenduta dagoen mailara egokitutako kalitatezko edukiekin.

Ikasmaterial hau honegatik da erabilgarria:

  • Ikaslea protagonista bihurtzen da.
  • Ikaslearen motibazioa areagotzen da.
  • Ikaslearen autonomia, independentzia eta ardura bultzatzen du.
  • Ikasleen arteko talde-lana piztu eta parte-hartzea bultzatzen du.
  • Ikasleen idazkera eta adierazpena garatzen ditu.
  • Ikaslea teknologia berrietan murgiltzen da eta gaurkotasunera moldatzen du.
  • Ikasle eta irakaslearen arteko rol aldaketa: ikasleak egin behar du jarduera intelektuala, eta irakaslea gidari baino areago, orientatzaile bezala arituko da.
  • Ikasteko modu berriak eskaintzen ditu.
  • Sormena eta berrikuntza sustatzen ditu.

Barne-egitura eta nabigazioa

Herri-kirolak ikasmaterialaren abiapuntua edukien arteko nabigazio eta interaktibitatea da. Horrela, ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan zehar nabigatzeko aukera du, atal guztiak elkarren artean elkarloturik baitaude. Ikasleak herri-kirolekin loturiko ezagutzan murgilduko dira haientzat oso erabilgarri izango diren jakintza eta kontzeptuak eskuratuz. Baina aldi berean elkarreragiketarako aukera bideratzen du, ikasmateriala alde teorikoa eta praktikoa bateratzen dituen unitateetan banatuta baitago:

  • Alde batetik, herri-kirolen inguruko eduki teorikoa dugu. Edukiak bi ataletan banaturik daude; “Herri-kirolak” eta “Bestelako euskal kirolak” alegia. Era berean, atal bakoitza kiroletan banaturik dago. Bertan ikasleak horien jatorria, gaur egun eratorritako kirola eta arauak ezagutuko ditu. Betiere erabiltzaileak testu, irudi eta gehigarri erakargarriak ditu bidelagun.
    • Herri-kirolak
      • Kirolak
        • Jatorria
        • Gaur egun eratorritako kirola
        • Arauak
    • Bestelako euskal kirolak
      • Kirolak
        • Jatorria
        • Gaur egun eratorritako kirola
        • Arauak
  • Bestetik, ikasiriko kontzeptuak eta prozedurak era praktikoan lantzeko jarduerak daude. Edukiak noraino ulertu diren ikusteko modu egokia eta berehalakoak dira. Jardueren bidez, ikasleak autoebaluaziorako aukera ezin hobea du betiere modu entretenigarrian. Askotariko jarduerak daude: hamar galderez osaturiko testak, gurutzegramak, bikoteak sortzeko jarduerak, eta, azkenik, talde-dinamikak.

Bestalde, ikasleak zenbait informazio gehigarri ditu eskura une oro. Hona hemen batzuk: Bibliografia, Glosategia, Laguntza, Lotura interesgarriak eta Edukiaren mapa.

Ikasmaterialeko eduki guztiak bi bertsiotan aurkezten dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimaketarako prestatua (PDF formatua).

Kredituak

  • Ideia eta edukiak: Leire Mitxelena Erice eta Idoia Urkiri Azkoitia
  • Diseinua eta garapena: Allende Múgica Jaime
  • Koordinazioa: Iñaki Arrieta Baro

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License