Arauak

Jokoaren oinarria

Lagun batek, bere indarrez baliatuz, eta inolako lanabes edo mekanismorik erabili gabe, harri bat jasoko du, lastratua zein ez, lurretik sorbaldaraino, lurretiko horizontaltasuna lortu arte, kontuan izanik harriaren pisua eta ezaugarriak.

Harriaren ezaugarriak

  • Erabilitako materiala harri naturala izango da (normalean granitozkoa), blokea harrobi edo haitz beretik ateratakoa. Pisua irabazteko (bolumena handitu gabe) barruan dentsitate handiko materialak eransten zaizkie.
  • Ez da onartuko ageriko material arrotzik harrian, ezta ere harrobi edo haitz beretik ez datozen bi harri, kolarekin zein beste eraren bat erabiliz itsatsiak.
  • Harri zatiren bat hautsiz gero, kola bidez itsatsi ahal izango da, baina baldintza batekin: itsatsitako harria kalitate eta pisu espezifiko berekoa izan dadila.
  • Harriek honako irudi geometrikoren bat izan beharko dute:
  • Harri esferikoa: heldulekurik gabeko harrizko bola. 125 eta 212,5 kilo bitarteko pisua dute.
  • Harri kubikoa: Kubo edo hexaedro irudia. Sei aldeak karratuak izango dira eta neurri berekoak. Ez du heldulekurik. 125 eta 212,5 kiloko pisua dute.
  • Harri laukizuzena: bi helduleku dituen prisma; lau alde luzeenak laukizuzenak dira; aldiz, oinarria eta goiko aldea karratuak.
  • Harri zilindrikoa: Bi helduleku dituen harrizko zilindroa. Pisu txikienak atxatzeko erabiltzen dira 100, 112,5 eta 125 kiloko pisua dute.
  • Jokalariak ekarritako harriak ez baditu baldintza guztiak betetzen, norgehiagokatik kanporatua izango da.
Bitxikeria: Formaren ondorioz, kirolarientzat harririk zailenak irregularrak dira. Harri irregularren artean, ezagunena Amezketako Albizuriaundi harria da, 164 kilokoa. Badira beste batzuk ere: esate baterako, Igeldoko Harria (139 kg), Azpeitiko Pipia (191 kg), Aiako Arrautz harria (154 kg) edota Laukarizkoa (138 kg).

Material lagungarriak

  • Harri-jasotzaileak aukeratzen duen laguntzaileak ura, fruta, eskuoihala, eta abar eskura diezaioke, baita haizea eman ere.
  • Erretxina –hautsean edo harrian- eta kola, harrian, eskuetan, besoetan eta harri-jasotzailearen arropetan ere erabil daitezke.
  • Jokalariak denbora kontrolatu eta erritmoa markatuko dion beste laguntzaile bat ere eduki dezake.
  • Gorputza harriaren pisuaz babesteko izterretako babesgarriak, txalekoak eta gerrikoak erabil ditzake kirolariak.

Jasoaldia ontzat hartzeko baldintzak

  • Altxaldia ontzat emateko harriak sorbalda gainean nibelatua geratu behar du.
  • Harri-jasotzaileak gerrikoa jar dezake gerrian, harriaren ertza haren gainean ipintzeko.
  • Harria sorbaldara altxatzean, harri-jasotzaileak harriaren puntu baxuena horizontalean jarri beharko du.
  • Harriak oholtzaren aurka egiten duen talka leuntzeko hareazko zakuen edo gomazko piezen gainera botatzen dute harria.
  • Laguntzaileak harria ukitu ahal izango du jaitsiera hastean.
  • Harria sorbaldaren aurreko aldetik soilik atera daiteke. Jasoaldia ez da ontzat emango albotik nahiz atzealdetik ateratzen bada.
  • Kirolariak ezingo du altxaldi edo jasoaldian zehar oholtzatik atera, ez eta hondar zakuetara igo.
  • Txanpon batez egiten den zozketan erabakitzen da zein harri-jasotzaile izango den lehenbizi jasoko duena. Normalki, zozketa asmatzen duenak bigarren jasotzea aukeratzen du, horrela bere lehiakidearen lana ezagutzen duelako.
  • Txanda baten azken altxaldian txistu hotsa entzutean sorbaldaren gainean orekatuz gero, jasoaldia ontzat emango da, baina harria berehala zakuaren gainera bota beharko da.
  • Lehiaketaren amaieran berdinketa balego, lehendabizi jokatu duen jokalaria izango da garaile.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License