Arauak
Sega erabiliz ahalik eta belar gehien moztea da helburua, aldez aurretik erabakitako denboran eta belardiaren azaleran. Belar-kantitate hori ondoren pisatu egiten da, kantitate gehiena moztu duenak irabazten duelarik:
- Belazeak nahiko belar izan beharko du lehiaketak 30 edo 60 minutu iraun ahal izateko. Gaur egun orokorrean denbora-muga hori jartzen da nahiz eta mende hasieran, arruntak izaten ziren bi orduko iraupeneko apustuak.
- Belardia sailkatu egingo da. Sailak berdintsuak izango dira orografia aldetik eta belarraren ezaugarrien aldetik.
- Muga-denbora edozein izanda ere, behin amaitu ondoren gizon-talde batek —arrastelatzaileak, pisatzaileak, lotzaileak eta laguntzaileak— ekiten dio lanari, eta epaileetako baten begiradapean, aurkari bakoitzak moztutako belarraren pisua emango dute.
- Tradizioari jarraituz, belarra pisatzeko balantza erromatarra erabiltzen da.
- Proba edonola antolatzen dela ere, oso zaila da errekorrak ezartzea. Hainbat faktoreren menpe dago; moztutako belarraren pisua eta azalera, lurraren kalitatea, belarraren hezetasun-maila, hazkuntza eta abar, eta faktore horiek guztiak ez daude loturik esfortzu fisikoarekin.
Segaren ezaugarriak
Sega mendeetan zehar belarra mozteko tresna erabiliena izan da, euskal lurraldearen erliebea dela, eta zaila baitzen makina automatikoak belardietan sartzea. Segak hiru atal nagusi ditu:
- kirtena: lizar egurrez egin ohi da.
- heldulekuak
- xafla. Aldi berean, xaflan hiru zati bereizten dira: ahoa, orpoa eta bizkarra.
Segari dagokionez, hauek dira jarraitu beharreko arauak:
- Segalariek, norgehiagokan, honako sega kopuru hau erabil dezakete (sega kopurua denboraren arabera):
- 30 minutu arteko lanetan……..3 sega
- 60 minutu arteko lanetan.…….3 sega
- 90 minutu arteko lanetan.…….4 sega
- 120 minutu arteko lanetan.…..5 sega
- Norgehiagokan zehar sega kamusten bada (harria jo duelako, alanbrea ukitu duelako…) konpondu egingo da. Horretarako kirolari bakoitzak berak aukeratutako laguntzaile bat eduki dezake saioan zehar. Konponketa horretarako ingudeaz, mailuaz edo zorrozteko harriaz balia daitezke.
- Segaren kirtena edo dorua hautsiz gero, kirolariak beste sega bat har dezake.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License