Gaur egun eratorritako kirola

1955. urteko lehen txapelketa horren ondoren, urtero antolatu dira Nazioarteko artzain-txakurren txapelketak (2012. urteko irailaren 23an jada 53. edizioa ospatu zen). Urtero bezala, artzain txapelketa Oñatiko Santa Luzia zelaietan ospatzen da, eta arraza eta hainbat herrialdetako artzain-txakurrek eta artzainek parte hartzen dute bertan.

Hala ere, artzain-txakur txapelketa eta erakustaldi gehiago antolatzen dira Euskal Herrian zehar. Horrela, 1967. urtean, eta Oñatiko Nazioarteko artzain-txakurren txapelketarako ezinbesteko proba moduan, Euskal Herriko artzain-txakurren txapelketa sortu zen Durangaldean Gerediaga elkartearen eskutik. Euskal artzain-txakurren arrazek bakarrik parte hartzen dute txapeleketa horretan. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko txapeldunek eta txapeldunordeek parte hartzen dute. Irailean izaten da lehia eta aurreko edizioko txapeldunak ere parte hartzen du.

Horiez gain, lurraldeetako txapelketak ere ospatzen dira, hala nola Gipuzkoa, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko artzain-txakurren txapelketak. Aurrerago esan bezala, herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkaturiko txapeldunek eta txapeldunordeek Euskal Herriko artzain-txakur txapelketan lehiatzeko aukera izango dute.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License